Gozatzeko asteburu beteari heltzeko gogoz
Elkarteen lankidetzagaz, "denenak eta denentzako diren jaiak" ospatuko dituzte busturiarrek egunotan. Bestalde, V. Paella Txapelketa lehiatuko dute foruarrek.
Askotariko koloreekin eta loreekin apaindutako ibilgailuak dira Busturiko San Kristobal jaietako bereizgarri, eta herritarrek ez dute hutsik egiten. Biharko hitzordu esanguratsua hori bada ere, aurretik, ohi legez, txistularien kalejiran, mezan eta udalerriko Irrintzi Alai Dantza Taldearen emanaldian elkartuko dira. Halaber, Busturiko Gazte Asanbladekoek herri bazkaria antolatu dute.
Barikutik domekara bitartean, jaietan gozatzeko deia egin dute antolatzaileek: «Jai Batzordean parte hartzea ona izan da, eta aurtengo egitaraua konprimituagoa da, San Kristobal eguna barikua delako. Bertoko zein inguruko jendea jaietara etortzera animatu nahi dugu. Txosna bakarra egongo da, Otsozuloko gazteena, eta bokaten txosna Ur-zelai Futbol Taldekoena izango da. Gazteak bakarrik daudenez eta lan-karga handia denez, elkarteei laguntza eskatu diete; Atxurkulu Emakumeen Elkarteak gaur goizean egingo du txanda, eta bihar gauean gazte batzuen laguntza edukiko dute».
Hain zuzen ere, elkarlanari helduta, udalerriko kirol taldeen eskutik, zapaturako bestelako proposamenak prestatu dituzte; goizean, futbol partiduak jokatuko dituzte, eta arratsaldean, berriz, ibilbide bat osatuko dute bizikletekin: «Busturiko Ur-zelai Futbol Taldeko eta Busturiko Txirrindularitza Taldeko kideak iaz hasi ziren egitarauan bi ekintza sartzen. Euren lana erakusteko ere balio du horrek».
Kanta berria
Danborradak belaunaldi desberdinetako busturiarrak elkartzen ditu, eta beti izaten da berezia. Biharkoa are bereziagoa izango da, kanta berria estreinatuko baitute: Arabako danborradako Hau dek. «Bai txikiak, bai nagusiak profesionalak dira, eta kanta berria primeran atera da entseguetan», azpimarratu dute arduradunek. Gainera, Gaztemunduri Ateak Ireki programaren barruan Busturian dauden gazte argentinarrek ere parte hartuko dute; entseguetan pozarren parte hartu dute: «Diasporakoak bertotik ibiliko dira. Aukera polita izango da kultura desberdinak partekatzeko eta elkar ezagutzeko».
Urtero Altamiratik jaisten dira danbor hots artean, eta errepidean obretan badaude ere, betiko moduan kalejira osatzea espero dute: «Obraren arduradunek esan digutenez, errepidea libre utziko dute, eta, beraz, espero dugu bertatik heltzea plazara. Horrela ez bada, beste modu batera antolatu beharko gara». Tximeleta Fanfarriakoak lagun dituztela, 20:00etan hasiko dute zapatuko herri danborrada.
Protokoloa eta Puntu Morea
Bestalde, azaldu dutenez, erasoen kontrako protokoloa berritu dute aurten, eta Puntu Morea Otsozulokoen txosna izango da: «Berdintasun teknikariagaz bildu ginen jai batzordekook. Kuña orain dela hiru urtetik daukagu, eta kontzertu artean jartzen dugu. Hainbat lekutan informazioa ipiniko dugu, eraso baten aurrean zelan jokatu zehaztuz, erasoa jasan zein ikusi dutenek informazioa edukitzeko. Edozein erasoren aurrean, txosnara, Puntu Morera jo ahalko dute».
Urtero sankristobaletako bariku eta zapatu gauean parranda-giroa ziurtatuta egoten da. Jai batzordeko kideek eta udal ordezkariek esan bezala, «jaiak gozatzeko eta denonak eta denontzako dira», eta errespetuz jokatzeko eskatu dute.
Bihar Extremoduroren bertsioak entzungo dira plazan, eta, zapatuan, berriz, Txoriburu eskualdeko taldeak zabalduko du gaua. Ostean, Oxabi erromeria eta DJ Oblessive arduratuko dira gauari soinu banda jartzeaz: «Gaueko tren zerbitzuari esker, zapatu gauez jendea gehiago animatzen da, baina barikurako ere animatzea nahi dugu, taldea ere oso ona baita. Bestalde, iaz ekaitzaren ondorioz, ezin izan genuen Oxabikoekin gozatu, baina oraingoan iragarpena ona denez, gozatuko dugu».
Domeka arratsaldean umeen parkean jolastuz eta txokolatea janez agurtuko dituzte jaiak.
Herri jokoak
Bestalde, foruarrek ere San Kristobal jaiak ospatzeko tradizioari eusten diote. Bihar, 13:00etan mezan eta ostean hamaiketakoan batuko dira. Zapatuan, ostera, V. Paella Txapelketa lehiatuko dute, eta 14:00etarako prest eduki beharko dituzte paellak. Arratsaldean ere giro ederrari eutsiko diote; 15:00etatik aurrera, umeen jolasak eta herriko jokoak egingo dituzte, eta 17:00etan hasiko da Xaiborren diskofesta.
Domekan, 12:30ean izango da meza, eta ostean, Urdaibai Dantza Taldeko kideek emanaldia eskainiko dute.
EGITARAUAK:
+ BUSTURIA
Bihar (uztailak 10)
- 11:00. Txistularien kalejira.
- 12:00. Meza.
- Ostean. Irrintzi Alai Dantza Taldea.
- 14:00. Auto apainduen erakusketa.
- 15:30. Otsozulo elkartearen eskutik, gazte bazkaria.
- 20:30 Kantu Kantari.
- 23:00. Extremodurori tributoa
- Ostean. Dja.
Zapatua (uztailak 11)
- 12:00. Busturia Ur-Zelai Futbol Klubaren eskutik, futbol partiduak, San Kristobaleko futbito zelaian.
- 17:00. Busturia Txirrindulari Taldekoek antolatutako jolasak.
- 20:00. Herri danborrada.
- 22:30. Txoriburu, Oxabi eta DJ Oblessive.
Domeka (uztailak 12)
- 17:00. Umeen parkea.
- 20:30. Txokolatea.
+ FORUA
Bihar (uztailak 10)
- 13:00. Meza.
- Ostean. Hamaiketakoa.
Zapatua (uztailak 11)
- 12:00. V. Paella Txapelketarako izen ematea.
- 14:00. Paellen aurkezpena eta sari banaketa.
- 15:00. Umeen jolasak eta herriko jokoak.
- 17:00. Xaibor diskofesta.
Domeka (uztailak 12)
- 12:30. Meza.
- Ostean. Urdaibai Dantza Taldea.