Busturian hasiko dute junior mailako Bizkaia Itzulia
Junior mailako Bizkaia Itzuliaren lehenengo etapa lehiatuko dute gaur arratsaldean [uztailak 9].
Junior mailako Bizkaia Itzuliaren aurkezpena, Bilboko Bizkaia Frontoian.Bizkaiko Txirrindularitza Federazioa Gaur hasiko dute junior mailako Bizkaia Itzulia, eta bost etapak osatzen dute aurtengo aldia.
Busturiko Madariaga Dorretxean hasi eta amaituko dute gaurko jarduna; 16:30ean hasiko dute lasterketa, eta, ondorioz, bertarako sarbidea itxita egongo da 16:00etatik 16:30era eta 18:30etik 19:00etara bitartean.
Bihar (uztailak 10) Sodupen izango dute irteera eta helmuga, eta gaurko ordu berean hasiko dute lehia. Zapatuan, ostera, hitzordu bikoitza edukiko dute. 10:00etatik aurrera, Sopela-Sopela egongo da jokoan, eta 16:30ean hasiko dute arratsaldeko jarduna Gordexolan; banakako erlojupekoa lehiatuko dute bertan, eta San Kosme gainaraino ailegatu beharko dira. Antolatzaileek esan bezala, Sodupeko eta Sopelako etapak tropela elkarrekin helmugaratzeko “oso aproposak”, eta San Kosmeko erlojupeko igoera, “laburra bezain erabakigarria” izango da.
Itzuliaren bosgarren eta azkenengo etapa Lemoizen erabakiko da. Domekan, 11:00etan hasiko dute etapa. Jata gaina hiru aldiz igoko dute, eta, beraz, txirrindulari indartsuenen artean ez ezik, estrategia ondoen jokatzen duten lehiakorrenen artean egon liteke garaipena.
Busturikoa, berritasuna. Aurtengo aldian berritasun nagusi bat dauka Bizkaia Itzuliak. Izan ere, gaurko lehenengo etapa estreinakoz lehiatuko dute: “Orain arte inoiz egin ez den etapa da Busturia eta Madariaga Dorretxea lotuko dituena, Urdaibaiko errepide bihurgunetsuetan barrena. Erdi-mendiko etapa da”. Lemoizen hasi eta amaituko den azken etapa da beste berritasuna.
29 taldetako ia 180 txirrindulari elkartuko ditu Bizkaia Itzuliak, eta antolatzaileen hitzetan, etapa denen artean, ibilbide “bikaina” osatu dute etorkizuneko txirrindularientzat. Bizkaiko Txirrindularitza Federazioarekin elkarlanean antolatzen dute proba, eta erakunde publiko zein pribatuen babesa eskertu dute.
Txirrindularien ahalegina eta ilusioa azpimarratu ditu Iñigo Larruzea itzuliko zuzendari teknikoak: “Ikaragarria da 29 taldetako ia 180 txirrindularik itzuli honetara etortzeko egiten duten ahalegina eta erakusten duten ilusioa. Izan ere, askorentzat urteko helburu nagusienetako bat da Bizkaiko proba hau”.
Carlos Sergio Antxotegi Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendari nagusiak antolakuntzaren inplikazioa goraipatu du. Hark nabarmendu modura, lasterketa antolatzeko, iaz “primerako lana” egin zuten, eta aurten ere lankidetza berari eutsiko diote.