Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketa lehiatuko dute Gautegiz Arteagan
Bizkaiko Herri Kirol Federazioak eta Gautegiz Arteagako Udalak antolatuta, aurten ere Gautegiz Arteagako pilotalekuan lehiatuko dute Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketa. Zapatuan (uztailak 11), 12:00etan hasiko dute lehia.
Emakumezkoetan, Leire Larrazabal eta Nahia Aredo Getxo Herri Kirol Taldeko kideak eta Ainize Rey Aupada Herri Kirol Taldeko kidea ariko dira nor baino nor gehiago.
Gizonezkoetan, berriz, bost kirolarien artean erabakiko da txapela. Piratak Herri Kirol Taldeko Patrik Saitua eta Aritz Martin, Ondarroako Eñaut Lertxund eta Aier Lertxundi eta Jasoka Herri Kirol Klubeko Garai Merino lehiatuko dira.
Harri jasotze modalitateko emakumezkoen openaren jardunaldia ere hartuko du Gautegiz Arteagak; Getxoko klubeko Isabel Vives eta Marina Cifuentes ariko dira lehian.
Gainera, trontza zein lasto jasotze erakustaldiak ere eskainiko dituzte. Ainize Perez-Iraitz Idoeta eta Iradide Gezuraga-Oiane Gonzalez bikoteak ariko dira trontzan, eta Bingen Erleaga lasto jasotze saioan.