Itsaso osasuntsu baten aldeko zeharkaldiak Bermeon egin du hirugarren geldialdia
Mater Ontzi Museoak Bermeoko portuan bota du aingura, eta barikura (uztailak 10) bitartean jarduera eta dinamika desberdinak hartuko ditu, helburu berdinaren alde: itsasoko zaborren arazoaren inguruan kontzientzia piztea.
Itsasoak udan beste erritmo bat hartzen du, eta harekin batera, Mater Ontzi Museoak ere ateak eta belak zabaltzen ditu euskal kostaldea itsasotik ezagutzeko. Urtero legez, egurrez eraikitako azken euskal atunontzi handiak Itsaso Osasuntsu baten Aldeko Zeharkaldia abiatu du, zortzigarrenez. Uztailaren 2an abiatu zuten itsasaldia Bilbon, eta aurtengo ibilbideko hirugarren geldialdia Bermeoko portuan egin dute. “Mendebaldetik ekialdera euskal kostaldeko zortzi portu bisitatuko ditugu: Bilbo, Portugalete, Bermeo, Ondarroa, Mutriku, Getaria, Hondarribia eta Pasaia”, azaldu dute ontzikideek.
Uztailean egiten den Zero Zabor Uretan kanpainan murgilduta, Mater lau egunez egongo da Bermeon, barikura (uztailak 10) arte. Geldialdi horreen bidez, itsasoko zaborren arazoaren inguruan kontzientzia piztu eta herritarrak hondakinen prebentzioan inplikatzea dute helburu. Horretarako, ontzian bertan hainbat jarduera eta bisita antolatuko dituzte, euskal itsas ondarea ezagutaraztearekin batera itsas ingurunea zaintzearen garrantzia azpimarratzeko.
Besteak beste, ontzi-museora bisita gidatuak, itsas zaindariaren gunea, urpeko zinema ontzian, sormen birziklatze tailerrak, Zero Zabor Uretan topaketak, edota itsas hondakin arrantza nabigazioak egingo dituzte Bermeon, egunotan. “Herri desberdinetako bizilagunak arazoaz kontzientziatzeaz gain, arazo horri buelta emateko ekintzak egitera animatzea nahi dugu, eta horixe da, gehienbat, egunotan jorratuko ditugun ekintza guztien helburua”, azaldu dute Mater Ontzi Museoko kideak.

Itsas Zaindari gunean ere elkartu dira hainabt herritar.
Ze, datuen arabera, minutu bakoitzean plastikoz betetako kamioi oso bat uretaratzen da: “Nahiz eta guk ez ikusi, itsas ondoan txiki txiki eginda pilatzen da plastikoa, eta ez da desagertzen. Leku guztietan dago, eta arrainek jatetik at, guk geuk ere jaten dugu plastiko hori, arraina jaten dugun heinean. Datuek diote 5 gramo plastiko jaten ditugula guk, adibidez”. Hori aldatzea “beharrezkoa” dela uste dute elkartekideek, eta horretarako “ohiturak aldatzearen garrantzia” aipatu dute.
Ildo horri tiraka, “sentsibilizazio minimo bat duten eragile edo pertsonak” nahi dituzte, halaber, eta guztien artean itsaso osasuntsuago baten alde lan egin. Horregatik, nabarmendu dute adinaren araberako tipologiak bereizten dituztela, “hobekien funtzionatzeko modua” dela sinetsiz. “Esaterako, txikiekin bisitak, plazako jokuak eta abar egiten ditugu, eta nagusiekin, nabegazioak, itsas hondakin arrantzak, zinea ontzian etabar”, gaineratu dute.

Itsasoa hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dute txikienek.
Egurrezko azken atunontzia
Mater ez da edozein ontzi. Euskal kostaldean egurrez eraikitako azken atunontzia izan zen, eta 13 urtez aritu zen arrantzan. Bere ibilbide profesionala amaitu zenean, ordea, kapitainak ez zuen ontzia arrantzarako erabiltzen jarraitu nahi izan. Hala, Itsasgela elkartearen esku geratu zen, eta zaharberritze lanen ostean, gaur egun ezagutzen dugun ontzi-museo ekoaktibo bihurtu zen: itsas kultura, ingurumen-hezkuntza eta kontserbazioa uztartzen dituen proiektu aitzindaria.
Proiektuak, gainera, protagonistak ere baditu: BIO (Bizitzaren Sarea), biziaren zaintzaren garrantzia irudikatzen duena eta dozenaka algaz zein itsas animaliaz egina dagoena; eta ZABOR (Itsas Hondakinen Munstroa), gizarte gisa existitzen diren kontsumo ohitura suntsitzaileen emaitza dena eta euskal kostaldean bildutako plastikozko itsas hondakinez osatuta dagoena. Erraldoi horiek Mater ontziaren tripulazioaren parte dira itsas zeharkaldiak iraun bitartean. “Gero eta plastiko eta zabor gehiago egon, ZABOR handitzen doa. Gero eta ohitura gehiago aldatuz, ordea, BIO handitzen da. Helburua, noski, BIO handitu eta ZABOR txikitzea da”.
Bermeoko geldialdia amaitu bezain laster, Ondarroara egingo du salto Mater ontziak, uztailaren 10tik 13ra bitarteko egonaldiarekin. Ostean, Murikuko portura iritsiko dira, uztailaren 14tik 17ra arte, Bizkaiko kostatik Gipuzkoako kostara pasatuz. Ondoren, Getaria eta Hondarribitik pasatuz, Pasaiara bueltatuko dira, geldialdi bakoitzean hiruzpalau egun egon ondoren.
EGITARAUA:
Gaur, eguaztena.
17:00-19:00. Bisita gidatuak ontzian.
17:00-19:00. Itsas Zaindari gunea, lameran.
17:00-19:00. Hondakin bilketa.
Bihar, eguena.
11:00-14:00. Bisita gidatuak ontzira.
11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Itsas Zaindari gunea.
17:30-19:00. Sormen birziklatze tailerra.
29:00-20:30. Zero Zabor Uretan tailerra
Etzi, barikua.
10:00. Nabigazioa: Bermeo-Ondarroa.