Eusko Jaurlaritzak Bermeoko portuko Plan Bereziaren hirugarren moldaketa onartu du
Onartu berri den Plan Bereziaren moldaketaren helburua da portua eta herria elkartzen diren eremuetan hiri-kalitatea hobetzea, portuko jardueraren eta Bermeoko eguneroko bizitzaren arteko bizikidetza orekatuagoa sustatuz.
Argazkia: Irekia. Eusko Jaurlaritzak behin betiko onartu du Bermeoko portuko Plan Bereziaren hirugarren aldaketa, portuaren eraldaketa eta herriarekin duen integrazioa hobetzeko helburuz. Horrela, antolamendu berriak portuko jardueraren eta hiriaren arteko bzikidetza sustatzeaz gain, ekonomia urdinari lotutako jarduera ekonomiko berriak bultzatu eta portuaren garapenerako aukera berriak irekitzen ditu.
Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak “urrats erabakigarri” gisa ulertzen du berria: “Onarpen honek bultzada berria ematen dio Euskadiko arrantza-tradizio handiena duen portuetariko bati. Bere espazioak modernizatzeak, hiri-ingurunearekiko bizikidetza hobetzeak eta erabilerak dibertsifikatzeak portuaren lehiakortasuna indartzea, aukera ekonomiko berriak sortzea eta Bermeo ren ekonomia urdinaren erreferente gisa duen eginkizuna sendotzea esan nahi du”.
Hain zuzen ere, plan berezia portuaren erabilerak eta etorkizuneko garapena antolatzen dituen tresna izanik, merkataritza eta aisialdi-nautikako jardueren kokapena, beharrezko azpiegiturak eta portu esparruaren eta hirigunearen arteko harremana zaintzen du.
Portua eta herria elkartzen diren eremuetako “hiri-kalitatea” hobetu nahi dute, “portuko jardueraren eta Bermeoko eguneroko bizitzaren arteko bizikidetza orekatuagoa” sustatuz. Horretarako, ontzigintza-jarduerak Varadero kaian kokatzen diren gunetik bizitegi-eremuetatik urrunago dauden portu-eremuetara lekualdatzea aurreikusten dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak, “hiri-ingurunean sortzen dituzten eraginak murrizteko” asmoz.
Zerbitzu berriak
Gauzak horrela, askatutako eremuan, merkataritza, ostalaritza eta portuko jardueraren osagarri diren zerbitzu berriak ezarri ahal izango dira, kudeaketa publikoko eraikin baten bidez. “Eraikin horren helburua portuaren eta herritarren arteko lotura sendotzea eta jarduera ekonomiko eta sozialerako gune berri bat sortzea da”, azaldu dute.
Horrez gain, esan dute antolamendu berriak Frantxua kaiko zenbait eraikinen erabilera-erregimena malgutzen duela, behar berrietara egokitzea erraztuz; gainera, Matxikorta kaian baimendutako erabilerak ere zabaltzen ditu, etorkizuneko hotz-plantaz gain, tamaina txikiko ontzientzako marina lehor bat ezarri ahal izateko; eta, halaber, portuko zerbitzu-eraikina handitzea aurreikusten du, haren gaitasun operatiboa hobetzeko.
Bermeoko portuaren eraldaketa integrala tokiko eta eskualdeko ekonomiarentzat “ekintza estrategikoa” den heinean, arrantza-jarduera sendotzeaz gain, itsas garraioari, logistikari, aisialdi-nautikari, turismoari eta ekonomia urdinarekin lotutako beste sektore batzuei lotutako aukera berriak sustatuko ditu, “betiere jasangarritasunaren eta hiri-integrazioaren irizpideei jarraituz”.