Dantza zubi, mende erdiko historian zehar bidaiatzeko
50. urteurrena ospatzen ari da Alkartasuna Dantza Taldea, eta horren baitan "ekitaldi berezia" prestatu dute. Zapatuan, 21:00etan bilduko dira Artza Frontoian, euskal tradizioaren eta kulturaren bidez herriko dantza taldearen historia gogoratzeko.
Alkartasuna Dantza Taldea 50. urteurrena ospatzearen ari da. Mende erdia herriagaz batera dantzatzen dutela eta era berean herria dantzarazten dutela ospatzen. Ospakizun horren baitan, taldeak emanaldi berezi bat eskainiko du zapatuan (uztailak 11), 21:00etan, Bermeoko Artza Frontoian. “Urte berezia” dela oinarritzat hartuz, prestatu duten ekitaldia ere horrela izan behar dela argi esan dute taldekideek. Berezia.
Hala ere, ez da urteurrena dela eta antolatzen duten lehen ekitaldia: “Aratusteetatik hasi, eta urte amaierako Olentzero eta Mari Domingiren egunera arte, hilabetero ekitaldiren bat zein beste antolatu dugu. Bizkaiko Dantzari Eguna edota Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna, esaterako”. Baina Alkartasuna Dantza Taldekoek argi dute zapatu honetakoa guztien artean “garrantzitsuena” izango dela. Taldekideentzat, behintzat.
50 urteko bidea plazaratuko dute, alegia, dantzaren eta musikaren bitartez. Eta ez dira bakarrik egongo. “Musikari eta dantzari ohiak egongo dira gaur egun gauden dantzariekin batera frontoia betetzen. Eta, zelan ez, gazteak ere egongo dira gurekin. Etorkizuneko Alkartasuna Dantza Taldea sostengatuko diren belaunaldia dira, eta oso garrantzitsuak dira taldean”, aurreratu dute.
Artza Frontoia beteko dute, ze, 130 lagun inguru bilduko dira ekitaldia aurrera eramateko. “Ekitaldi potente bat” egiteko asmoz daude dantzariak, eta azaldu dute Euskal Herri osoa zeharkatuko dutela dantzaren bitartez: “Ekitaldia Bizkaian hasiko eta amaituko dugun arren, Gipuzkoa, Zuberoa, Nafarroa eta Arabatik pasatuko gara. Durangaldeko Dantzari Dantzagaz hasi, eta Arratiako Jotekin amaituko dugu, tartean beste hainbat modalitate erakutsiz”.
Ekitaldi berezi horretan, gainera, ingurukoez oroitzeko tartea ere hartuko dute protagonistek, eta beraiekin batera urteurrena ospatzen ari diren beste kultur taldeei ere zorionak emateko baliatuko dute zapatuko topaketa. Tartean, Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta Bermeoko Abesbatza. “Ekitaldi berezia aprobetxatu gura dogu biei ala biei eskerrak emateko, urte hauetan guztietan gure ondoan egon izan direlako”, esan dute.
Ezustekoz gainezka
Horrez gain, “ezusteko desberdinak” prestatu ditu taldeak zapatuko ekitaldirako, eta zapatura arte jakinaraziko ez dituzten arren, aurreratu dute “jende garrantzitsua” egongo dela beraiekin batera, “zerbait polita” egiteari tiraka.
Dantza taldearen mende erdiaren historiaren zehar bidaiatzeko aukera emango du, beraz, Alkartasuna Dantza Taldeak, gonbidatu bereziekin, zapatuan. 50 ez dira gutxi, eta horiek guztiak hobeto edo gertuagotik ezagutzeko aukera emateaz gain, herriaren eta eskualdearen historia, tradizioa eta kultura balioan jartzeko tresna gisa ere baliatuko dute dantzariek ekitaldi berezia.
Bermeoko Udaleko ordezkariek, euren aldetik, Alkartasuna “folklorea, dantza tradizionalak, musika eta kulturan oinarritutako taldea” dela nabarmendu, eta “etengabe herriari egindako ekarpena” eskertzeaz gain, zorionak eman dizkiote taldearen ibilbide oparoagatik. Hala nola, bai udalak, zein dantza taldeak berak, herritarrei zapatuan Artza Frontoira bertaratzeko deia zabaldu die.