Irakurketa errazteko lupa adimendunak ipini dituzte udal liburutegian
Gernika-Lumoko Udal Liburutegiak Lup euskal startupak garatutako lupa adimenduak jarri ditu ikusmen arazoak dituzten erabiltzen eskura. Erabiltzaileek testuen irudiak hartu eta automatikoki audio-fitxategi bihurtu ahal izango dituzte.
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala Irakurketa “eskuragarriagoa” eskaintzeko helburuagaz, Gernika-Lumoko Udal Liburutegiak lupa adimenduak jarri ditu ikusmen arazoak dituzten erabiltzen eskura. Lup euskal startupak garatutako teknologiarekin, erabiltzaileek testuen irudiak hartu eta automatikoki audio-fitxategi bihurtu ahal izango dituzte.
Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) arabera, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan 90.000 pertsona baino gehiago dira ikusmen arazoak dituztenak eta ondorioz, zenbaitetan, kulturarako eta ezagutzarako sarbidea “mugatuta” dutenak. Gernika-Lumoko Udaletik liburutegi publikoak “espazio inklusibo eta irisgarriak” direla gogoratu dute ze, horietan, audio-liburuei, braillezko liburuei, anplifikazio-sistemei edota lupa elektronikoei esker, ikusmen zein entzumen desgaitasuna duten pertsonek “funts bibliografikoetara sartzeko aukera” izaten dute: “Egokitutako baliabide bakoitzak, programa inklusibo bakoitzak eta parte hartzeko jarduera bakoitzak liburutegia topagune gisa finkatzen laguntzen dute”.
Ziortza Bilbao Kultura zinegotziak udal liburutegia “herritar guztiei zabaldutako espazioa” izatea nahi dutela nabarmendu du: “Ez dugu ikusmen desgaitasuna izateak irakurketarako sarbidea mugatzerik nahi; bide horretan, lupa adimendunak txertatzea aurrerapausoa da pertsonen benetako beharretara egokitutako liburutegi inklusibo eta irisgarria izatera bidean”. Izan ere, lupa adimendunak euskaraz eta gaztelaniaz irakurtzen dutenentzat baliagarriak izateaz gain, 30 hizkuntza baino gehiagotan irakurri eta itzultzeko prestatuta ere badaude.
Ekimen berriagaz “gizarteratzearekin duten konpromisoa” berretsi dutela azpimarratu du Cristina Arana udal libutugiko arduradunak: “Benetako irtenbidea eskainiko diogu irakurtzeko oztopokoak dituen biztanleriaren zati bati”. Liburutegiak “eboluzionatzeko erantzukizuna” dutela eta ezarri duten teknologia pilotuagaz bide horretan urrats bat eman dutela ere nabarmendu du.
Gernikako Udal Liburutegiak lupa adimenduen teknologia txertatu izanagaz “harro” agertu da lupen sortzaileetako bat den Eneko Calvo ere: “Harro egoteko modukoa da, milaka pertsonen beharrei erantzuteko, liburutegi publiko batek gure teknologiaren aldeko apustua egin izana. Hemen jaiotako proiektu batek gure erkidegoko pertsonen bizitza nola hobetzen duen ikusteak grina eta ilusio handiarekin lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu”.
Sortzaileek prestakuntza espezifikoa eskaini diete liburutegiko langileei eta orain, erabiltzeaileak lupen erabileran gidatu eta horien “esperientzia optimizatzeko prest” daude.