Ezinezkorik ez dagoelako, elkarrekin bidea egiten jarraitzeko aldarria
Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen ibilbidea eta lorpenak ospatzeko eta aitortzeko elkartu dira Bedaronan. EAMEren egoitza Olabe baserria dela adierazten duen plaka ipini dute.
Ezina ekinez egina. Esaera horri helduta ari da Euskal Ardi Moztaileen Elkartea, eta horixe erakutsi dute bertako moztaileek eta artilariek azken urteetan. Eurentzat ezinezkorik ez dago, eta ametsetik errealitatera bitarteko keinu eta pauso txikien bidez, handia da lortu dutena. Duela bi urte sortu zuten Euskal Ardi Moztaileen Elkartea, eta ordutik, pausoz pauso, bide emankorra egin dute taldekideek. Selekzioa osatuta, mugarri historikoa ezarri zuten martxoan: Euskal Herria ordezkatuz, 2026ko Golden Shears Munduko Txapelketan parte hartu zuten Mastertonen, Zeelanda Berrian. Ekinaren eta esfortzuaren emaitza izan da hori, baita Munduko Kontseiluko kide izatea ere.
Euren lana, kemena eta ibilbidea ospatzeko eta goraipatzeko, Bertoko Azoka taldekoen ekimenez, herri-aitortza egin zieten zapatu arratsaldean, Bedaronan. Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen egoitza den Olabe baserrian elkartu ziren: “Kirol baten inguruko lorpena ospatu, goraipatu, babestu eta zoriontzeko elkartu gara. Munduko beste lurralde bateraino gure izena eta izana duintasunez erakustera joan den euskal ardi moztaileen balentria ospatzen ari gara. Harrokeriarik barik, baina harrotasunez etorri gara herri txiki honetako herritarrok. Bedaronako Olabera hurreratu gara ardi moztaileei zorionak emateko eta EAMEren egoitza nagusia gaur gaurkoz baserri honetan dagoela adierazten duen plaka ipintzeko”.
Olabe baserrikoa da Joseba Attard elkarteko zein selekzioaren kidea, eta hunkituta agertu zen. Bertaratutakoei eta ekitaldia antolatzen ibili diren herritarrei eskerrak emateaz gain, Olaben “artalde polita” elkartu zela adierazi, eta askorentzat ezinezkoa zirudiena lortu dutela gogoratu zuen: “Duela hogei urte etorri nintzen hona, euskara ikastera, eta denek esaten zidaten ezinezkoa zela; ofizialtasuna ezinezkoa, moztaileak antolatzea ezinezkoa, Euskal Herriko Txapelketa antolatzea eta Munduko Txapelketan Euskal Herria bezala parte hartzea ezinezkoa, artileagaz jantziak egitea ezinezkoa, Munduko Kontseiluko kide izatea ezinezkoa… Politikariengana joan ginenean, barre egin ziguten, dena ezinezkoa zela esanez. Azkenengo hogei urteotan topatu dudan hitza horixe izan da, ezinezkoa. Posible dela esateko adibide txikia gara gu; asko irabazten dugu horregaz. Hau Euskal Herria da; herria da geografikoki eta herria da jendea”. Hain zuzen ere, aurtengo balentria ez ezik, nabarmentzekoak dira elkartearen aurreko lorpenak ere. Iaz antolatu zuten Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketaren lehen ekitaldia, Abadiñon, eta Nazioarteko Txapelketa ere lehiatu zuten bertan, Euskal Herria, Frantzia, Espainia, Herbehereak, Eskozia eta Irlandaren parte hartzeagaz.
Kirol denetan ofizialtasuna lortzeko, “denak elkarrekin” bidea egitearen garrantzia azpimarratu zuen Attardek: “Pilotan, surfean, futbolean, igeriketan, txirrindularitzan… Euskal Herriaren izenean lehiatzeko ametsa daukagu, eta ez da ezinezkoa, posible da. Denok batera joan behar gara. Nola ez gara helduko mundialetara bada, mundialak izanda?”.

Gaintzatarrak aritu ziren txistu doinuz ekitaldia musikatzen eta Ibabe Beristain etxeko dantzariak hiru dantza eta Ander Elortegi natxituarrak eta Ibai Amillategi gernika-lumotarrak bertsoak eskaini zizkieten. Ezusteko berezia ere prestatu zuten; udalerriko Kantu Poteoko herritarrek himnoa sortu diote Euskal Herriko Selekzioari, eta bertan estreinatu zuten.
Horrez gain, Eako udal ordezkariek oroigarria eman zieten: “Herrian egoitza daukan eta bai Euskal Herrian, bai nazioartean erreferente bihurtu den elkarteari aitortza egitera etorri gara, eta udaletik eta herriaren izenean, aitortza modura eta esker ona adierazteko, oroigarria eman diegu, ez bakarrik orain arte egindako lanagatik; badakigu hemendik aurrera ere jarraituko dutela Euskal Herriaren izena zabaltzen”. Bedaronako Jai Batzordeko kideek, berriz, lore sorta oparitu zieten, Bakarne Oñederra bedarutarraren irrintzi artean.
Bertoko Azokako kideen hitzetan, “EAMEren istorio hau hasi baino ez da egin”, eta merezitako aitortza izan zen: “Herritarren aldetik aparteko aipamena merezi zutela uste genuen. Historia hau hemen hasitakoa da. Gauzak okurritzen dira, baina, gero, egitera pasatu behar da, eta hauek okurrentzia ez ezik, gauzatzeko gaitasuna ere erakutsi dute. Kirolaren bitartez, Euskal Herria mundu mailan ipini dute, gure izana eta izena elkartuz. Olaben sortu zen, Euskal Herria munduan ipintzeko borondateagaz, ekimen eder hau. Gora gure Euskal Selekzioa eta gora gure euskara”.

Munduko Kontseiluaren ordezkaritza ere egon zen Olaben, eta Euskal Selekzioko kideen “gogo eta grina” nabarmendu zituzten, baita Zeelanda Berrian egindako “izugarrizko esfortzua” ere: “Attard izan zen bultzatzailea, bera etorri zen guregana, ofizialtasuna eskatuz. Zeelanda Berrian izugarrizko esfortzua egin zuten, eta taldeak egin duen denagatik oso harro egon beharko zinatekete”. Munduko Kontseiluaren kideek esan bezala, bide “handi baten” hastapena da, eta horren parte izateaz “oso harro” daude.
Moztaileak Munduan. Bestalde, Oier Plaza gernika-lumotarrak eta bere lantaldeak sortutako Moztaileak Munduan dokumentala proiektatu zuten: “Mugarri historikoa ezarri dute, eta ikusten da asko dutela egiteko. Euskal Herriko ardi moztaileen selekzioa Zeelanda Berrira joatekoa zela jakin genuenean, gure lantaldeak argi eduki zuen historia hau kontatu behar zela, eta Euskal Telebistan pieza hau egitea proposatu genuen. Hasieran zalantzan egon ziren, baina lortu genuen gutxienez pertsona bat bertara joatea, erretratu hau jasotzeko”. Ofizioak daukan “gaurkotasuna ere erakutsi” nahi izan dutela azaldu zuen: “Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna eskatzeaz aparte, aipatu behar da zelako garrantzia daukan ofizioa bera erakusteak, baita etorkizuneko gazteek moztaile moduan lan egiteko aukera daukatela ere. Uste dut hori nahikoa argi ikusten dela dokumentalean”.