EH Bilduk garbiketa eta hondakinen kontratuari buruzko proposamenak aurkeztu ditu, "herri-eredua hobetzeko"
Gernika-Lumoko Udala hamar urteko iraupena eta 35 milioi eurotik gorako balioa izango duen kontratua prestatzen ari da, eta EH Bilduk kontratuari "balio erantsi soziala, ingurumenekoa eta gardentasunekoa" emango dioten proposamenak aurkeztu ditu. Gaur [uztailak 6] egingo duten Lurraldeko Informazio Batzordean aztertuko dituzte proposamenak.
Gernika-Lumoko Udala bide-garbiketako, hondakinen bilketa eta garraioko, tranferentzia-plantaren ustiapeneko eta lotutako zerbitzuetarako kontratua prestatzen ari da, hamar urteko iraupena eta 35 milioi eurotik gorako balioa izango duena. EH Bilduk, maila horretako kontratuak herrian datozen urteetarako “zein herri-eredu nahi duen erabakitzeko aukera” direla iritzita, hainbat “hobekuntza” aurkeztu dizkio udal gobernuaren pleguei, “herri garbiagoa, jasangarriagoa, irisgarriagoa eta bidezkoagoa” eraikitzeko helburuagaz. Proposamenak gaur [uztailak 6] egingo den Lurraldeko Informazio Batzordean aztertuko dira.
Argitu dutenez, EH Bildutik egindako proposamenek ez dituzte kontratuaren oreka ekonomiko, segurtasun juridiko eta aurreikusitako zerbitzu-maila aldatzen, baina kontratuari “balio erantsi soziala, ingurumenekoa eta gardentasunekoa” ematen diote, hainbat arlotan banatutako ekarpenak baitita.
Irisgarritasunaren arloan, kontratuaren hasieran edukiontzien %30 irisgarriak izatea eta bosgarren urtea iristerako %50era handitzea proposatu dute, “pertsona guztientzako zerbitzu unibertsala” bermatu asmoz. Trantsizio ekologikoari dagokionez, emisisoak murriztu eta udal zerbitzuak deskarbonizatu ahal izateko, ibilgailuen %20 hasiratik elektrikoak izatea eta bosgarren urterako %50 izatera iristea nahi dute.
Horrez gain, edukiontziak identifikatu ahal izateko sistema eta ibilgailu guztietan GPSa ezartzea proposatu dute, horrek zerbitzuen kontrola eta trazabilitatea hobetzea ahalbidetuko duelako. Era berean, birziklapena sustatu eta errefusaren sorrera murriztu asmoz, errefusa frakziorako edukiontzien %10ean monitorizazio plan pilotua egitea ere eskatu dute: “Sistemak aukera emango luke errefusa frakzioaren edukiontzia gutxien erabiltzen duten herritarrak hobari bidez saritzeko, hondakinak hobeto bereiztea sustatzeko eta hondakin organikoak edo gai birziklagarriak errefusean uztea gutxitzeko”, azaldu dute. Gainera, edukiontzien erabilera desegokia eta bandalizazioa saihesteko “tresna erabilgarria” izan litekeela uste dute.
Gardentasuna eta parte hartzea sustatzeari dagokionez, ostera, udalak enpresa esleipedunak eta auzo elkarteek osatutako jarraipen batzorde iraunkorra sortzea ere aurreikusi dute EH Bildukoek; batzordea sei hilean behin elkartuko litzateke, aktak publiko eginez. Modu berean, euskarazko arreta bermatzeko neurriak, berdintasun-planak, desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa susatzeko klausulak eta “lan-baldintza duinak indartzeko” proposamenak ere helarazi dizkiete udal gobernuari.
EH Bilduren ustez, 35 milioi euroko balio duen kontratu batek “ez du soilik kaleak garbitzeko” balio behar: “Gure herria jasangarriagoa, bidezkoagoa eta bizi-kalitate handiagokoa egiteko ere balio behar du. Horregatik aurkeztu ditugu hobekuntza hauek: kostua handitu gabe, kontratu hobea eta etorkizuneko erronkei hobeto erantzungo dien zerbitzu publikoa lortzeko”.