Kartel aproposena aukeratzeko unea heldu da
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketako lau finalistak aukeratu ditu epaimahaiak. Orain herriaren txanda da: bermeotarrek uztailaren 10era arte bozkatu dezakete kartel gogokoenaren alde.
Lau kartel finalistak. Argazkia: Iker Gonzalez Libano. Aurten ere bermeotarren esku dago Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzea. Izan ere, lehenengo lana epaimahiak egin du: herritarrek aurretiaz aurkeztutako proposamenak aztertu, eta aurkeztutako 21 kartel desberdinetatik 4 finalista aukeratu ditu. Orain, ordea, herriari dagokio kartel irabazlea, eta beraz, herriko jaietan protagonista izango dena zein izango den erabakitzea.
Aurresku, Danok Batera, Edonora!, Gozatzeko Ordua Da eta Festak izenburupean aurkeztutako kartel finalistak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean daude ikusgai, goizetan 09:00etatik 14:00etara bitartean, eta arratsaldeetan, berriz, 17:00etatik 21:15era. Bermeoko Udaleko webgunean ere badaude ikusgai, gainera.
Zabalik dago dagoeneko bozkatzeko epea, eta uztailaren 10era bitartean izango dute herritarrek bozkatzeko aukera. Hala ere, udal ordezkariek adierazi dute pertsona bakoitzak behin bakarrik bozka dezakela, eta bozka emateko bi modu ahalbidetu dituzte: Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean ezarrita dagoen kutxaren bidez, edota internet bidez. Jasotako bozkei dagokienez, kutxan bildutakoek %70eko balioa izango dute, eta Internet bidezkoek, berriz, %30ekoa, nabarmendu dutenez.
Esan bezala, 21 izan dira aurten lehiaketara aurkeztu direnak. Epaimahiak finalistak aukeratzeko unean “proposamenen estetika, Bermeoren izaera islatzea, baloreak kontuan izatea eta originaltasuna” baloratu zituztela esan dute.
Epaimahaiak, bide batez, “egindako lanagatik” eskerrak eman dizkie Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartu duten guztiei.