Olatz Arrizabalagak zabalduko du Plazandreak txapelketa
Olatz Arrizabalagak Plazandreak txapelketaren binakako garroan parte hartuko du, Arrate Bergaragaz bikotea osatuta. Hurrengo astelehenean [uztailak 6] egingo dute debuta. Hilaren 11n, berriz, San Fermin Torneoaren finalean ariko da aurrelari gernika-lumotarra, Nahia Bertizegaz batera.
Emakumezkoen esku pilotaren ikusgarritasuna eta erreferentzialtasuna hauspotzea jomuga nagusi duen Plazandreak txapelketa hastear da, eta Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarra parte hartzaileen arten dago. Hilaren 6an, datorren astelehenean, ekingo diote lehiari, Bilboren bihotz-bihotzean: Esperantza pilotalekuan. Bost astelehenez jarraian, emakumezkoen egungo pilotaren protagonistarik entzutetsuenetako zenbait nor baino nor gehiago ariko dira, binaka zein lau eta erdiko lehian banaka, abuztuaren 10eko finalera zein sailkatuko.
Txapelketaren antolatzaileek “espezialistarik puntakoenak” kantxaratuko direla aditzera eman dute. Arrizabalagak Arrate Bergara tuterarragaz osatuko du bikotea. Gainontzekoak honakoak izango dira: Amaia Aldai dimoztarra eta Miriam Arrillaga aginagarra, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Nora Mendizabal andoaindarra eta, azkenik, Laia Salsamendi etxauriarra eta Andrea Capellan errioxarra. Bakarkako lehiak ere izar handiak bilduko ditu: Enara Gaminde laukiztarra, Madalen Etxegarai oñatiarra, Itxaso Erasun zizurkildarra eta Aizane Ibarrola uhartearra.
Arrizabalagak eta Bergarak, lehen saioaren ostean, hirugarren jardunaldian egingo dute beren berragerpena
Ekuaziorik onena bilatzen saiatu dira antolatzaileak. Hain zuzen, aurten bakarkakoan elkarren kontra ipini dituzte iazko aldian binaka txapela irabazi zuten Ibarrola eta Gaminde. Ez hori bakarrik: egungo banakako zein binakako txapeldun laukiztarrak beste arerio argi bat ere izango du, iaz kaiolako txapela nagusitasunez irabazitako Erasun. Binakako lehiari dagokionez, “egungo aurrelaririk onenen” arteko lehia aurreikusten duela argitu du antolakuntzak.
Lehiaren egutegia.
Parte hartzaileek bina partidu jokatuko dituzte, onenen artean lehiatuko diren bakarkako zein bikotekako finala orduko. Asteleheneko estreinaldian, Arrizabalagak eta Bergarak Zabaleta eta Mendizabal izango dituzte aurre aurre, binaka; banakakoan, Etxegarai eta Gaminde ariko dira. Bigarrenean, Aldaik eta Arrillagak Salsamendiren eta Capellanen aurka jokatuko dute, binaka; Etxegaraik bigarren azterketa izango du banaka, Erasunen aurka. Hirugarren jardunaldiko binakako lehiak Aldai eta Arrillaga Zabaletaren eta Mendizabalen aurka elkartuko ditu; banakakoak, Ibarrola Gaminderen kontra. Finala orduko azken jardunaldian bueltatuko dira ekuaziora Arrizabalaga eta Bergara; Salsamendi eta Capellan izango dituzte aurkari. Banakakoan, Ibarrolak Erasunen kontra jokatuko du.
Uztaileko bigarren astean, Plazandreak txapelketaz harago, bigarren ardatz garrantzitsu bat ere edukiko du gernika-lumotarrarentzat: zapatuan, hilaren 11n, San Fermin Torneoaren finala lehiatuko du, Nahia Bertiz sunbildarragaz bikotea eratuta. Bilbon ere arerio izango dituzten Zabaletaren eta Erasunen kontra jokatuko dute Iruñeko Labriteko finala.