Euskal Herriko dantzen aniztasuna, Elai Alairen ikuskizunean
Musikaren doinuekin, jantzi tradizionalekin eta dantzagaz beteko dute Seber Altube auditorioa 40 dantzarik.
Bihar [uztailak 3] Elai Alai Dantza Taldearen ikuskizuna hartuko du Seber Altube auditorioak, 20:30ean. Euskal Herriko bost lurraldeetako dantzek hartuko dute protagonismoa. Antolakuntzako kide Egoitz Atxikallendek azaldu duenez, “emanaldiak Bizkaiko dantzekin emango dio hasiera eta, ondoren, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Iparraldeko piezak eskainiko ditu”.
Lehen zatian, Bizkaiko dantza sortako hainbat pieza egongo dira ikusgai, besteak beste, Agintariena, Binangoa, Makil Jokoa eta Txotxongiloak, Durango aldeko dantza tradizionalen erakusgarri. Ondoren, Gipuzkoako hainbat dantza eskainiko dituzte, eta Nafarroako Erronkariko dantzek ere izango dute lekua. Ikuskizunaren amaieran, Luzaideko polkak dantzatuko dituzte, eta emanaldi osoan “Euskal Herriko dantzen eta erritmoen aniztasuna nabarmenduko da”.
Musikak ere bere garrantzia izango du. Zuzeneko laguntza eskainiko dute txistulariek eta gaiteroek, eta amaierako dantzetan akordeoi-jotzaile batek parte hartuko du. Antolatzaileen esanetan, “musika eta dantza uztartuz, ikusleek emanaldi dinamiko eta askotarikoa izango dute”.
Guztira 40 dantzari egongo dira, eta adinari dagokionez, 15 eta 40 urte bitartekoak izango dira. Talde mistoa izango da. Ikuskizuna ikasturte amaierako ekitaldi berezia da. “Urteetan herriko jai eta ekitaldietan parte hartu izan dute, baina duela bi urte erabaki zuten dantza jaialdi propio bat antolatzea, taldearen lana ikusgarri egiteko. Iazko lehen ekitaldiak harrera oso ona izan zuen, eta horrek bultzatu ditu aurten esperientzia errepikatzera”, azaldu du Atxikallendek.
Emanaldiaren beste berezitasun bat jantziak izango dira. Dantza bakoitza bere jantzi tradizionalagaz aurkeztuko da, eta horrek Euskal Herriko eskualde bakoitzeko jantzien, doinuen eta dantza estiloen aberastasuna erakutsiko du. Antolatzaileek espero dute iazko arrakasta errepikatzea eta ikusle ugari bertaratzea.