Gernika-Lumoko Agarre auzoa dantzan jarriko duten sankristobalak
Barikuan (uztailak 3) hasi eta domekara (uztailak 5) arte piztuko da Gernika-Lumoko Agarre auzoko jaien sugarra, sanpedroak atzean utzi eta sankristobaletan murgilduz. Askotariko ekintzak nahastuz sortu duten egitarau borobilaz gozatuko dute auzotarrek.
Uda hasi eta aurrera doalaren erakusle izaten dira bata bestearen atzetik datozen herri eta auzoetako jai desberdinak. Hortik tiraka, San Pedro jaiak atzean utzi berri ditugun honetan, asteburuan San Kristobal jaietako ospakizunei ekingo diote Busturialdean. Hala nola, Gernika-Lumoko Agarre auzoa izango da horren epizentroa, beste urte batez; San Kristobal Deunaren eguna uztailaren 10ean delarik, jaiak aurretiaz ospatuko dituzte foru herrian.
Barikuan (uztailak 3) hasi eta domekara (uztailak 5) bitartean girotuko dute Agarre auzoa herritarrek, Gernika-Lumoko Udalak eta eragile desberdinek osatutako egitarau borobilari esker. Goi-goitik hasiko dituzte jaiak, gainera. Izan ere, beroari aurre egiteko apar jaiarekin emango diote hasiera jaiei, eta txupinaren ostean iluntzea musikatzearen arduradun lanetan Xaibor arituko da. Aurreratu dutenez, bertaratzen diren guztientzako izozkiak ere eskuragarri egongo dira.
Zapatuan goizetik piztuko dute giroa gaiteruen kalejiraren doinuek, eta jarraian tortilla txapelketari abiatuko diote: 11:00etan ekingo diote sukaldatzeari, eta 13:30ean aurkeztu beharko dituzte egindako tortillak, sari banaketa 14:00etan burutzeko. Jan-edanarekin gozatzen jarraituko dute auzotarrek, ze, iluntzerako sardinada eta txokolatada aurreikusi dute. Zapatuko jai giroarekin amaitzeko, ostera, Itzal musika taldearen eskutiko erromeriaren erritmora dantzatuko du Agarre auzoak.
Domekan, azkenik, askotariko ekintzez blaituko dute auzoa: sukalki txapelketa, Elai Alai Dantza Taldearen emanaldia, kopaua eta URE elkartearen eskutik umeentzako jolasak nagusituko dira, besteak beste. Lotxo musika taldearen soinuak izango dira jaiei agurra musikatuko dutenak, hurrengo urtera arte itxaron orduko gozatzen eta dantzatzen jarraituz.