Eleizaldeko bide segurtasuna hobetu du Ereñoko Udalak
Argazkia: Ereñoko Udala. Ereñoko Udalak hirigintza obra “garratzitsuak” egin ditu Eleizalde auzoan, eremu horretako bide segurtasuna hobetzeko helburuz. Mugikortasuna “seguruagoa” izan dadila bilatu dute obrekin, bai oinezkoen, bai ibilgailuen kasuan “zirkulazio handiena” duena udalerriko esparruan. Lanek 47.153,40 euroko diru inbertsioa eduki dutela argitu du Ereñoko alkate Ager Lejarretak.
Elizaren eta udal pilotalekuaren ingurua izan da obren eragin esparrua. Bihurgune baten zuzenketa lanak izan dira azpimarragarrienak: bihurgunearen trazadura zuzendu dute, eta errepidearen puntu horretako ikusgarritasun maila “nabarmen” hobetu. Ez hori bakarrik: galtzadaren lerrokadura berriak zirkulazio “ordenatuagoa eta seguruagoa” izatea ahalbidetuko du aurrerantzean.

Argazkia: Ereñoko Udala.
Oinezkoei zuzendutako hiru pasabide goratu ere instalatu dituzte. Lehendik zegoen aparkaleku eremuan, bestalde, kautxu birziklatuz egindako gurpil topeak jarri dituzte, zoladura konpontzeaz eta hala bide markak, nola seinaleztapen bertikalak berritzeagaz batera. Neurrion bidez, ibilgailuak herrigunean abiadura motelagoan sartzea nahiz irtetea bilatu dute, esan bezala, udalerriaren erdiguneko “bide segurtasunari” eraginez.

Argazkia: Ereñoko Udala.
Lejarretak ereñarren eta Eleizaldeko auzokideen “eguneroko-eguneroko beharrizanei erantzuteko lanean” jarraitzen eta jarraituko dutela aditzera eman du. Alkateak ibilgailuen eta oinezkoen arteko “bizikidetza hobetzeko” konpromisoa nabarmendu du: “Ereñoko espazio publikoak hobetzeko lanean jarraitzen dugu; esku hartze horri esker, udalerriko joan-etorri handiko gune batean bide segurtasuna areagotu dugu, mugikortasun seguruago baterantz urratsak eman ditugu eta ibilgailuen eta herritarren arteko bizikidetza hobetu dugu”.