Bermeo Tunak Seychellesekin duen aliantza indartu du, nazioarteko lankidetza sustatzeko
Seychelleetako ordezkaritza teknikoa jaso du Bermeok, itsas eta arrantza arloko prestakuntza, berrikuntza, ezagutzaren transferentzia eta garapen jasangarriaren aldeko lankidetza sendotzeko asmoz.
Argazkia: Bermeo Tuna. Atunaren balio-kate jasangarri baten inguruko nazioarteko lankidetza sustatzea du helburu, batik bat, Bermeo Tunaren eta Seychellesen arteko aliantzaren indartzeak. Hala nola, atzo (ekainak 30) hasi eta bihar (uztailak 2) arte Seychelles Maritime Academy eta Seychelleetako Gobernuko ordezkaritza tekniko eta instituzionala hartuko du Bermeok. Bisitarekin, besteak beste, ezagutzaren trukea, jardunbide egokien identifikazioa eta komunitate zientifikoaren, administrazio publikoen eta enpresen arteko lankidetza aukerak bultzatzea bilatzen du Bermeo Tuna World Capitalek, beraiek antolatu baitute bisita.
Euskadin egiten ari diren egonaldian hainbat ordezkarik hartu dute eta hartuko dute parte, Bermeo Tunak jakinarazi bezala. Hala nola, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundikoak, Bermeoko Udalekoak, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIko ordezkariak, Bermeoko Arrantzaleen Kofradiakoak, arrantza-sektoreko erakundeetakoak, atun-enpresetakoak, industria eraldatzaile eta kontserbagileko nahiz AZTI Fundazioko ordezkariak.
Aliantza estrategiko gisa ulertzen dute antolatzaileek, beregain, bisita hau: “Bermeoren eta Seychellesen arteko lankidetzak erakunde-esparrua gainditzen du. Duela hamarkada askotatik, Bermeo Tunaren ekosistemako enpresa ugarik Indiako Ozeanoan garatzen dute beren jardueraren zati handi bat, eta Seychelles nazioarteko jardueretarako oinarri nagusietako bat da. Beraz, enpresa-, zientzia-, prestakuntza- eta erakunde-harreman horrek balio estrategiko handia du arrantza arduratsuago baten eta gero eta jasangarriagoa den atunaren balio-kate baten alde egiteko“.
Gauzak horrela, “jasangarritasunaren aurpegi integrala” sustatzea bilatzen dute aliantzarekin, arrantzatik hasi eta elikagaien eraldaketa, logistika, berrikuntza, prestakuntza eta kontsumora arte, beti ere ardura nabarmenduz. Hala, Seychelles Maritime Academy-k eta Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII-k elkarlanean dihardute Bermeo Tunak sustatutako Prestakuntza eta Berrikuntza Mahaiaren eta Garapen Jasangarrirako Atun-Hirien Aliantzaren esparruan esperientziak partekatzeko asmoz.
Azaldu dutenez, bisitaren baitan askotariko ekintzak egiten ari dira; bi zentroen arteko bilerak, prestakuntza-instalazioetara bisitak, administrazioekin eta eragile sozioekonomikoekin topaketak eta Bermeoko lonja, Arrantzaleen Kofradia, Bermeoko portua, Albacoraren instalazioak eta AZTI Fundaziora bisitak, besteren artean. Itsas eta arrantza arloko enpleguari, talentua erakartzeari eta prestakuntza-zentroen eta enpresen arteko nazioarteko lankidetzari buruzko saio berezi bat ere aurreikusita dutela aurreratu dute Bermeo Tunatik.
“Beste urrats bat”.
Hau guztia kontuan izanik, Bermeo Tunak adierazi du Garapen Jasangarrirako Atun-Hiriburuen Aliantza sendotzeko “beste urrats bat” dela bisita hau, eta “etorkizuneko lankidetza akademiko, zientifiko, enpresarial eta instituzionalerako oinarriak” ezarriko dituela. Ze, azpimarratu dute jasangarritasuna, elikadura-segurtasuna, prestakuntza, belaunaldi-erreleboa, berrikuntza eta nazioarteko gobernantza bezalako erronkei aurre egiteko beharrezkoa dela erronka komunak dituzten lurraldeen arteko lankidetza indartzea.
Era berean, argi daukate bisitak 2027ko apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean eta 2an egingo den Bermeo Tuna Forumerako “edukiak sortzen” lagunduko duela. Gogoratu dute, azkenik, foro horrek Bermeo Bizkaia eta Euskadi atunaren gobernantza globalaren erreferente bihurutuko dituela.