Txaber Altubek irabazi du Argi Baltza sariketa
VI. Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketa "oso lehiatua" izan da, eta seigarren aldiagaz etapa bat itxi du Lilibertsok.
VI. Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketak egin du bidea, eta badauka txapelduna. Txaber Altube abadiñarrak jantzi zuen txapela zapatu arratsaldean [ekainak 27] Muxikan jokatutako finalean.
Altube eta Andoni Rekondo hernaniarra sailkatu ziren buruz burukora; 350 puntugaz irabazi zuen Altubek, eta hamar puntu gutxiago pilatu zituen Rekondok. Eñaut Martikorena hernaniarra sailkatu zen hirugarren, 242, 5 puntugaz eta puntu bakarreko aldea egon zen haren eta Eki Mateorena leitzarrak. Maite Sarasola bilbotarra eta Asier Galarza muxikarra sailkatu ziren bosgarren eta seigarren, alde estuagaz horiek ere: 234, 5 puntu jaso zituen bilbotarrak eta puntu erdi gutxiago etxeko bertsolariak. Hain zuzen ere, oro har, aurtengo sariketa eta bereziki finala oso lehiatuak izan dira.
Rekondo Gipuzkoako txapelketan finalista izan zen, Altube Bizkaikoan eta Mateorena Nafarroakoan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa hasiko dute udazkenean, eta finaleko lehenengo lau sailkatuak bertan ariko dira: “Txapelketara begira zelan dauden ikusteko, sariketa baliagarria izan dela adierazi digute”.
Lilibertso bertso eskolako kideek balorazio ona egin, eta “oso goi mailako finala” izan zela azpimarratu dute. Sariketak eman duenagaz “oso gustura” geratu dira bai antolatzaileak, bai parte hartu duten bertsolariak.

Txaber Altube abadiñarra.Txebi Arriaga
Bi fasetan jokatu zuten finala, eta besteren artean, Euskal Udalekuak eta zaintza erdigunean jartzea hizpide izan zituzten bertsoaldietan. Zortziko handian ofizio bat, zortziko txikian beste bat, bi puntu erantzun, hamarreko txikiko ofizioa eta ganbara egin zituzten sei finalistek lehenengo fasean. Bigarrenean, buruz burukoan, Iparragirre abila dela doinuagaz ofizioa osatu zuten Altubek eta Rekondok, eta azkenik, ‘Beti korrontearen kontra joaten zara’ gaia emanda, ganbarakoa osatu zuten. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bertsoa.eus eta www.oizmendi.eus webguneetan ikusgai daude finaleko bertsoaldiak.
Belaunaldien arteko transmisioaren isla da sariketa bera, eta transmisioaren adierazle izan zen finala. Eider Fernandez eta Elene Yerga bermeotar bertsolari gazteek ipini zioten txapela Altuberi. “Gure harrobia dira. Aurten Bizkaiko eskolarteko finalera sailkatu dira, eta transmisioaren balioa adierazi nahi izan dugu”. Hain zuzen ere, Jon Lopategi bertsolari muxikarra gogoratuz eta haren omenez ekin zioten Argi Baltzari (haren ezizena Baltza zen), eta hark sustatzen zuen balioetako bat zen transmisioa, eta lan handia egin zuen harrobia bultzatzeko: “Belaunaldiartekotasunaren eta bertsoa gazteengana eroatearen garrantzia nabarmentzen zituen Lopategik. Eider eta Elene finalean txapela jartzen egonda, transmisio hori irudikatzea polita zela iruditu zaigu. Elenek txapela jantzi zion eta Eiderrek bertso polita bota zuen”.
Bestalde, lekualdaketagaz etorri da aurtengo finala; izan ere, aurrekoetan Muxikako Urretxindorra Herri Eskolan jokatu izan dute finala, eta aurten, udalak Ariatzako udal eraikina berritu duenez, bertan egitea erabaki dute. Giro bero bezain erosoa eduki zuten bertan.

Etapa bat zarratu du Lilibertsok aurtengo aldiagaz. “Ez dugu nahi esan azkena izan denik, baina formatu honetan egin dugun azkena izan da seguruenik. Seigarren urtea izan da aurtengoa, eta zeozer zarratuko dugu. Azkenengo urteetan sariketa inertziaz antolatzen ibili gara, eta gu ere haizea aldatzearen aldekoak gara”.
Mendatako, Ajangizko, Gautegiz Arteagako eta Muxikako udalen eskutik egin dute bidea, herri horietan jokatu baitituzte kanporaketak eta finala, eta horien laguntza eskertu dute Lilibertsokoek. Era berean, azpimarratu dute herri txikietan kultura badagoela, eta horretan “ale txikitxo bat” ipini gura izaten dutela. “Herri txikietan egon badago bertsoa, egon badago musika, egon badaude ekitaldi kulturalak, baina herri txikiak nolabait gerizpean daude, eta horietan ere kultura bizirik dagoela balioan jarri gura dugu”.
Argazkiak: Txebi Arriaga