Kaleak zaintzeko 176.000 eurotik gorako inbertsioa egingo du Gernika-Lumoko Udalak
Gernika-Lumoko Udalak udalerriko zortzi puntutan bide segurtasuna hobetzeko lanak egin gura ditu, eta aurrekontua bideratu du horretarako.
Gernika-Lumoko Udalak udalerriko errepide sarearen egoera hobetzen jarraitzeko eta gidarien zein oinezkoen segurtasuna indartzeko asfaltatuen udal planaren fase berri bat jarri du martxan. Horretarako 176.507,01 euroko aurrekontua onartu dute, iaz egindako obrei jarraipena emateko eta udalerriko beste gune batzuk ere hobetzeko.
Jose Mari Gorroño alkateak nabarmendu du kaleak zaintzea udalaren lehentasunetako bat dela: “Errepide sarea mantentzea beharrezko inbertsioa da herritarren segurtasuna bermatzeko eta egunero erabiltzen ditugun azpiegiturak zaintzeko”. Izan ere, plan honek denboraren, ibilgailuen joan-etorriaren eta baldintza metereologikoen ondorioz zoladurak jasaten duten narriadura naturalari erantzuten dio, eta mantentze lan horretarako planaren hirugarren fasea da.
Eta, jakinarazi dute zein kaletan egingo dituzten lanok: Agirreganan —Agirreganako 31. zenbakitik Juan Kaltzadako 42. zenbakira—, Iñigo Lopez de Haron, Pedro Elejalden —4 eta 8 zenbakien artean—, Txorroburun, Kortezubin —biribilgunea eta ospitalea lotzen dituen zatian—, Carlos Gangoitiko 42. zenbakidun portalaren inguruan, eta Arane eta Lorategietako eremuetan —5. zenbakidun atetik 34. zenbakidunera—. “Esku hatzeek aukera emango dute joan-etorrietarako baldintza hobeak bermatzeko eta bide azpiegituraren bizitza baliagarria luzatzeko, baita beharrezkoa duten bide zatiak berritzeko ere”, adierazi dute.