Inma Ruizek lau domina lortu ditu Espainiako Txapelketan
Inma Ruiz atleta gernika-lumotarrak urrezko domina bi eta urrezurizko zein brontzezko bana poltsikoratu ditu Aire Libreko Espainiako Txapelketan.
Argazkia: Inma Ruiz. Pista estaliko denboraldian bere maila sobera plazaratu ondoren, Inma Ruiz atleta gernika-lumotarrak bete-betean heldu dio aire libreko aldiari. Iragan asteburuan, Aire Libreko Espainiako Txapelketa lehiatu zuen Vallehermoson (Madril), eta, onenen artean borroka eginda, lau dominako uztagaz bueltatu da etxera: urrezko bi eta urrezurizko zein brontzezko bana.
Zapatua [ekainak 27] eta domeka [ekainak 28] izan ziren Ruizen F65 kategoriako lehiaketa egunak. Lehendabiziko jardunaldian, goizez, 400 metroko lasterketan parte hartu zuen. Irteera hartu bezain pronto, argi eta garbi geratu zen gernika-lumotarra parte hartzaile guztien artean bizkorrena zela, eta 01.15,59an gelditu zuen erlojua; irabazi ez ezik, distantzia horretako errekor berria ezarri zuen.

Argazkia: Inma Ruiz.
Arratsaldez, bere espezialitateetako bat eduki zuen menuan, 1.500 metroko proba. Lehia hartan ere ageriko nagusitasuna erakutsi zuen: garaipena eta errekorra. Gernika-lumotarrak 05,41,34an biribildu zituen lanak. Bero “itogarriak” eta goi ordoki madrildarraren “altuera sentsazioak” gauzak zaildu zizkion Ruizi: “Erraz irabazi nuela dirudien arren, ez zen erraza izan; zorionez, Euskal Herrian ere bero egunak pasatu ditugu, eta horrek entrenamenduetan beroagaz lan egiteko eta Madrilera egokitzapen puntu bategaz joateko balio izan dit”.
Domekan, goizez jokatu zituzten bai 800, bai 200 metroko lasterketak. Lehendabizikoan lortutakoa izan da txapelketak eduki duen “arantza bakarra”. Ruizek bigarren postua lortu zuen, 02.48,66ko denbora distiratsuagaz, baina “oso txarto” kudeatu zuen: “Bigarren postuan nintzela, lehendabizikoari aurreratu ala ez zalantza egin nuen eta, kargutu nintzenerako, erritmoa igo zuen; azkenean, hark irabazteko balio izan zion. Bezperako nekeak zalantzak eragin zizkidan, eta momentuan ez nuen ausart jokatu; garaipenetik segundo bakarrera geratu nintzen, irabazteko besteko hankak nituela uste arren”.

Argazkia: Inma Ruiz.
Atsedenerako tarterik gabe, 200 metroko abiadura probagaz, denetako esplosiboenagaz, osatu zuen txapelketa. Bere korrikalari ezaugarrietarako “egokiena izan ez” arren, hirugarren postua eta, ondorioz, brontzezko domina lortu zituen gernika-lumotarrak, 31,18ko erregistroagaz: “Abiadura proba hori modu oso espezifikoan prestatzen duen jendeak parte hartu zuen eta, horrenbestez, pozarren amaitu nuen podium postuagaz”. Txapelketaren balorazio orokorra “oso positiboa” da: “Parte hartutako lasterketa guztietan maila handian nagoela frogatu dut; 800ekoan zalantzati azaltzeak garaipenetik aldendu ninduen, baina ez indar faltak. Oro har, sentsazio oso gozoekin itzuli naiz lehiaketatik”.
Asteon, entrenamendu saioetan ipiniko ditu indarrak Ruizek, eta datorren asteburuan Coruñara (Galizia) joko du, hurrengo helburuari aurre egiteko: Kluben Espainiako Master Txapelketa. Durango Kirol Taldearen koloreak defendatuko ditu, eta helburu nagusia taldeak “lehen mailari eustea” izango dela iragarri du. Klub parte hartzaileek pistako atletismoaren modalitate guztietan parte hartu beharko dute, eta guztien arteko batez bestekoen arabera onduko dute azken sailkapena. Gernika-lumotarrak 800 eta 1.500 metroko lasterketetan parte hartuko du.