Astra eta Pasealekuko babeslekuek bonbardaketaren memoria hedatzeko baliabide berriak dituzte
Interpretazio eta ikus-entzunezko baliabide berriekin babesleku antiaereoen balioa azpimarratu gura izan du Gernika-Lumoko Udalak. Hobekuntza horiek eginda, Astra eta Pasealekuko babeslekuak Memoriaren Ibilbideko bi puntu nagusi bezala sendotu direla uste dute udal arduradunek.
Gernikako Turismo Bulegoak beste bultzada bat eman dio memoria historikoaren zabalkundeari, Astra eta Pasealekuko babesleku antiaereoen balioa azpimarratuz. Bi espazio horiek 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren lekuko zuzenak izan ziren, eta Gernika 1937-04-26 Memoriaren Ibilbidearen parte dira. Ondorioz, intepretazio baliabide berriak jarri dituzte horietan, gune horien esperientzia indartu eta herriaren historiako gertakari garrantzitsuenetako bat hobeto ulertu ahal izateko.
Berrikuntza nagusien artean, Pasealekuko babeslekuan jarritako ikus-entzunezko proiekzioa dago. Diotenez, pieza horrek lurpeko espazio hori “oroimenari eta bakeari buruzko gogoetarako gune” bihurtu du, bonbardaketan zehar ama baten eta haren seme-alaben begiradatik eraikitako kontakizun baten bidez. Izan ere, horrek iragana eta oraina konektatzeko balio duela diote, baita Gernikak bizikidetzaren eta adiskidetzaren balioekin duen konpromisoa aldarrikatzeko ere.
Bestalde, Astrako babeslekuak erasotik bizirik atera ziren bi lagunen testigantzetan oinarritutako esperientzia eskaintzen du: Sebastian Uriarena eta Maria Olabarriarena. Horien oroitzapenak Kirmen Uribe idazleak eta Onintza Enbeita bertsolariak kontatzen dituzte euskaraz, eta Celes Pertikak eta Mila Artetxek, berriz, gaztelanieraz.
Espazioa osatzeko, aterpearen kanpoandean bost informazio panel kokatu zituen udalak, erakusketa iraunkor legez. Azpiegitura horiek 36ko gerran babeslekuek izan zuten funtzioa azaltzen dute, baita aireko erasoetan biztanleria zibila babesteko izan zuten zeregina ere.
Hobekuntza horiek eginda, Astra eta Pasealekuko babeslekuak Memoriaren Ibilbideko bi puntu nagusi bezala sendotu direla uste dute udal arduradunek. Izan ere, Memoriaren Ibilbidea hamaika puntu bisitagarrik osatzen dute, Gernika-Lumon banatuta. Horien edukiak Xabier Irujo historialariak egin zituen, bonbardaketaren eragina zein foru herriaren historia garaikidea ulertzeko diseinatu baitziren. “Lan berri horiekin udalak memoria historikoaren transmisioa indartu gura izan du, belaunaldi berriei Gernika-Lumori lotuta dauden bakea, erresilientzia eta memoria demokratikoa bezalako balioak hurbiltzeko”.
Astrako babeslekua bisitatu nahi duten pertsonek erreserba egin beharko dute aldez aurretik, eta horretarako Turismo Bulegoarekin harremanetan jarri behar da, 94 625 58 92 telefonora deituta edota 646 34 75 53 zenbakiari Whatsappa idatzita. Izan ere, Turismo Bulegoak ordutegiei, erreserbei eta Memoriaren Ibilbide osoari buruzko informazioa eskaintzen du.