Larruazala urte osoan zaintzearen garrantzia gogorarazi dute
Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 'Babestuta dago, baina bere larruazala ez' kanpaina jarri du martxan, eta gaur (ekainak 29) sentsibilizazio kanpaina egin dute Bermeon, larruazala babesteko eta zaintzeko prebentzio neurrien berri emanez.
Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak Bermeon, sentsibilizazio kanpainan. Bermeoko Udala Minbiziaren Informazio Epidemiologikoko Sistemaren arabera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 433 melanoma kasu berri diagnostikatu ziren 2023an. Ondorioz, larruazala urte osoaan zaintzearen garrantzia gogorarazteko asmoz, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak Babestuta dago, baina bere larruazala ez kanpaina martxan jarri du. Hala, gaur (ekainak 29), larruazala babesteko eta zaintzeko prebentzio neurrien berri eman dute elkarteko kideek Bermeon.
Larruazaleko minbizia tumore ohikoenetako bat da, eta aldi berean, prebentzio handiena duenetako bat ere bai; diotenez, larruazaleko minbizia “ohitura egokiekin prebenitu” daitekeen tumorea da, “hein handi batean”. Hala ere, bere intzidentzia gora doa. Minbiziaren Aurkako Elkarteak gogoratu duenez, larruazaleko minbizia zelulen hazkunde anormal eta kontrolik gabeak eragiten du, eguzki argitik edo iturri artifizialetatik (hala nola eguzki kabinak) datorren erradiazio ultramorearen ondorioz. Izan ere, melanomen %80 baino gehiago eta kartzinomen %95 erradiazio ultramoreak eragiten ditu. “Beraz, prebenitu daitekeen minbizi mota bat da. Eguzki erradiazioaz gain, arriskuaren pretzepzio txikia, erreduren normalizazioa eta beltzarantzearen ideal estetikoa ere oztopo dira intzidentzia murrizteko”, esan dute.
Horren aurrean, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak prebentzio kanpaina abiatu du eta herritarrei dei egin die uda honetan eguzkitik babesteko. Arreta berezia jarri dute aurten haur eta gazteengan, aire zabalean lan egiten duten pertsonengan zein kirolariengan, “prebentzioa espazio guztietara zabaltzeko”. Eta ez bakarrik udan: urte osoan prebentzioa hartu behar da.
Izan ere, larruazalak memoria dauka. “Eguzkiak eragindako kaltea bizitza osoan pilatzen da, eta babesik gabeko esposizio bakoitzak aztarna uzten du larruazaleko zeluletan, minbizia garatzeko arriskua handituz”. Horregatik, prebentzioa bizitzako lehen urteetan hasten dela azpimarratu dute, larruazala babestea ohitura bihurtu behar dela adierazita, bai urte osoan, bai edozein ingurunetan.
Erradiazio ultramorea.
Eguzkia neurriz hartzeak “onurak” izan ditzakeela badakite Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek. Baina larruazala eguzkitan babesik gabe jartzen denean, erradiazio ultramoreak erreakzio alegikoak, eguzki erredurak, zahartze goiztiarra eta azaleko minbizia eragin ditzakeela diote. Hori dela eta, egun lainotuetan ere eguzkitik babestea gomendatzen dute elkartekoek, intentsitate handiekeko orduak (11:00-17:00) saihestuz. “Gainera, gomendagarria da larruazala eta burua arropa egokiz babestea, ahalik eta larruazal gehiena estaliz, txanoak edo kapelak erabiliz, eta iragazki homologatuak dituzten eguzkitako betaurrekoak erabiltzea”. Halaber, espektro zabaleko eguzki babeslea (FPS 50) erabiltzea “beharrezkoa” dela azpimarratu dute.
Bestalde, larruazaleko minbiziaren detekzio goiztiarrari dagokionez, garrantzitsua dela larruazala maiz aztertzea diote, orbanak kontrolatuz eta asmietriak, ertz irregularrak eta kolore edo tamaina aldaketak behatuz. Edozein zalantza edo susmo izanez gero, profesional sanitario batengana jo behar dela nabarmendu dute.

Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak Bermeon, sentsibilizazio kanpainan.Bermeoko Udala

Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak Bermeon, sentsibilizazio kanpainan.Bermeoko Udala