Herri txikien ekonomiaz eta etorkizunaz hausnartzen jarraituko dute
Herri txikietako ekonomiaz eta etorkizunaz hausnartzeko beste bi aurkezpen antolatu dituzte Gu Kostaldea Herrigintzan plataformako kideek: zapatuan (uztailak 4) Elantxoben, eta uztailaren 10ean (eguaztena) Ereñon.
Herri txikietan zelako ekonomia eta etorkizuna gura duten hausnartzeko Gu Kostaldea Herrigintzan plataforma sortu zuten Gautegiz Arteagako, Elantxobeko, Ereñoko eta Ibarrangeluko zenbait herritarrek. Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun proiektua aurkeztu ondoren, orain aurkezpenen bigarren fasean sartuko dira: uztailaren 4an Elantxoben aurkeztuko dute proiektu sozioekonomikoa, 19:00etan, kultur etxean; eta uztailaren 10ean, Ereñon batuko dira, 19:30ean, liburutegian.
Erronkak, arazoak eta aukerak elkarrekin aztertu gura dituzte, beraien helburua baita herri txikietan antzematen diren beharrei erantzungo dien gizarte dinamika plurala sortzea. Hala, Elantxoben, sortu berri den ekonomia urdiaren (Blue Lab) aukerak aztertuko dituzte, eta Asier Garagarza Uribe-Kostako Behargintzako kidea gonbidatu dute. Bestalde, Ereñora Garazi Llona bertaratuko da, Urdaibaiko Jangurie esperientzia azaltzeko. Eta, Rosa de la Asuncionek, bi herrien datu soziologikoak aztertuko ditu.
“Herri txikiok elkarrekin lan egin behar dugu, txikiak gara eta asko dugu elkarrengandik ikasteko eta partekatzeko. Tokiko garapena prozesu konplexua da eta ez du errezeta unibertsalik”, esan dute plataformako kideek. Uste dute ez dagoela “formula magikorik” eta esperientzia horiek antolaketa arkitektura “sendoa” eskatzen dutela. Hala, eurak prest daude “ingurua mugituko duten ideak” aurkitzen lagunduko duten gakoak aztertzeko, eta dagoeneko zortzi oinarri detektatu dituzte: natura eta paisaia; elikadura; kultura; hezkuntza; turismoa; zainketen jarduera birpentsatzea; etxebizitza eraikin modularrak; eta hurbileko zerbitzuak.
Aurkezpenak hurrengo asteetan izango dira, baina lanean segituko dute plataformakoek, uda igarotakoan, beraien asmoa baita entzute prozesu batekin hastea, erantzunak emateko lehenengo entzun egin behar dela oinarri hartuta. Lantaldeak sortzea eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat sortzea aurreikusi dute: “Bizi eta lan egitea guztion ardura da. Gizarte zibilak, erakunde publikoek, eragile ekonomikoek eta gizarte eragileek elkarrekin jardun behar dugu diagnostiko eta agenda partekatu batetik abiatuta, ditugun arazo konplexuei irtenbidea bilatzeko”.