Bi hautagaien lehen kolpea
Oriok eta Arraun Lagunak-ek Eusko Label eta Euskotren ligetako lehen garaipenak lortu dituzte Madrilen. Bai emakumezkoen, bai gizonezkoen faboritoak erabateko sendotasunez aritu dira. Bermeo-Urdaibai laugarren sailkatu da, hamar segundoko denbora zigorra jasota.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak. Oriok eta Arraun Lagunak-ek, lehengo lepotik burua. Iazko arraun denboraldiaren bi klub dominatzaileek hanka onez ekin diote aurtengo Eusko Label eta Euskotren ligei: sasoiko estreinako garaipena poltsikoratu zuten domekan [ekainak 28], Buitrago de Lozoyako urtegiak (Madril) hartu zuen lehendabiziko liga jardunaldian.
Gizonezkoen lehian, San Nikolas erabateko nagusitasunez azaldu zen lehen unetik. Formatu aldaketak zalantzaren bat edukitzeko motiborik emanagatik ere, oriotarrek ez zuten barkatu lehenengo arraunkadatik. Hain zuzen, erlojupeko estropada lehiatuko behar izan zuten traineruek, binaka, eta sei luze eta bost ziaboga egin zituzten orotara.
Beroa izan zen protagonista nagusia, baina arraunerako baldintza oso egokiak eduki zituzten parte hartzaileek: haizerik gabe eta ura bare-bare. Zierbena izan zen oriotarrek ezarritako mailari eusteko saiakera egin ahal izan zuen lehiakide bakarra. Metroen joanarekin, baina, Oriok arrakala zabaldu zuen, eta azkenean zortzi segundoko aldea urratu zien bizkaitarrei; 19.40,52an gelditu zuten erlojua mirotzek, eta 19.48,38an zierbernarrek. Azken haiek borroka estua izan zuten Donostiarrarekin, eta parean helmugaratu ziren (19.48,42).

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Bermeo-Urdaibairi dagokionez, laugarren postuarekin konformatu behar izan zen. Gainera, hamar segundoko denbora zigorra jaso zuten epaileek aldetik, Asier Zurinaga Bou Bizkaia-ren patroiak estropadaren irteeran estatxa helduta ez izateagatik. Getariak, bigarren txandako irabazleak, lortu zuen bosgarren postua (20.06,78), eta jarraian helmugaratu ziren, hurrenez hurren, Hondarribia (20.08,50) eta San Juan (20.15,08). Ostean, Antiguako Ama-k harrapatu zuen helmuga. Ondarroa lehen postuetatik urrun aritu zen, 20.15,96ko denbora eginda. Segundo bi gehiago behar izan zituen, halaber, lehen hamarren sailkapena biribildu zuen Lekittarrak; lanak 20.26,74an burutu zituzten.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Pronostikoak betez.
Lugañene-ren eskifaiak ere sasoi bete-betean ekin dio denboraldi erregularrari eta, iaz egin modura, aurtengo udan ere emakumezkoen estropadetako funtsezko erreferentzia izateko hautagai nagusia dela frogatu zuen madrildar uretan. Itsasoan ez ezik, urtegian ere donostiarren abiadura erabatekoa izan zen, normalean baino motzagoak izan ziren lau luzeetan. Hain zuzen, ezohiko formatuak ezohiko denborak ekarri zituen: hamalau minutuz azpiko azterketa izan zen.
Arraunean hasten azkenengoa izan arren, Arraun Lagunaken dominantzia lehen istantetik agerikoa izan zen. Bere txandan aurkari izandako Tolosaldea izan zen lanik gehien eman zien arerioa. Lehen bi ziabogetan, oriotarren koskari eutsi zioten, eta gainontzeko lehiakideak baino aldea sendoago daudela frogatu zuten. Hori bai, hirugarren eta azken ziabogan, balizan trabatuta geratu zen Tolosaldea; ezbehar hark segundo askoko galera suposatu zien, eta sailkapeneko bosgarren posturaino atzeratu zituen.
Arraun Lagunak-ek 14.26,48ko denbora distiratsua patrikaratu zuen, eta bigarren postua Orioren aldera erori zen azkenean, 14.38,44koarekin. Astillero (14.40,10) eta San Juan (14.41,86) sartu ziren azkenik bigarren sailkatuaren eta bosgarren tokiraino jaitsi zen Tolosaldearen (14.42,26) artean. Ondoren, Hibaika (14.47,30) izan zen onenen erregistroetatik hurbil samar iritsi ahal izan zen talde bakarra.
Madrilgo lehen arraunkadek Eusko Label eta Euskotren ligek aurten eduki dezaketen noranzkoen berri eman dute, baina lehia guztia airean dago oraindik. Alde horretatik, probek ez dute etenik izango uda osoan zehar. Hala gizonezkoen, nola emakumezkoen hurrengo hitzorduak asteburu honetan iritsiko dira: Bilboko Bandera lehiatuko dute zapatuan [uztailak 4] eta hurrengo egunean [uztailak 5], berriz, Petronor Bandera, Zierbenan.