Marian Piedrak jaso du Bermeoko Berbalagunen udaberriko lehiaketako saria
Argazkia: Bermeoko Berbalagun Bermeoko Berbalagunek udaberriko lehiaketako saria banatu du, eta Marian Piedra izan da saritua. Oraingoan 94 erantzun jaso dituzte, eta guztien artean egindako zozketan Piedrari egokitu zaio Bermeoko produktuen sorta. Jakinarazi dutenez, sarituak berak aukeratu ditu produktuak.
Zozketan parte hartzeko berbalagunek hainbat ariketa erantzun behar izan dituzte, besteak beste, esamoldeak osatzea edota Ixil ixilik dago abestiaren letrari buruzko galdera erantzutea. Horrez gain, Bermeoko jairik gustukoena zein duten ere adierazi behar izan dute, eta antolatzaileek iragarri dutenez, Andra Mari jaiak, Madalen eguna, Eufeme Deuna eta Baztarreko jaiak izan dira gehien errepikatu diren erantzunak.
Bermeoko Berbalagunetik eskerrak eman dizkiete parte hartzaile guztiei, eta gogoratu dute hurrengo lehiaketa udazkenekoa izango dela.