Emakumeen begiradatik eraikitako memoria kolektiboa bistaraziko dute
Bermeoko emakumeen memoria bizia proiektuaren aurkezpena egingo du udalak etzi [ekaiank 26], 22:30etik aurrera. Memoria ibilbidea eta 'Urdin urdiñe' ikus entzunezkoaren proiekzioa egingo dituzte.
Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak Bermeoko emakumeen memoria bizia proiektuaren aurkezpena egingo du etzi [ekainak 26], bi ekitaldigaz. Ekimena emakumeen argazki-bildumetatik abiatutako prozesu baten emaitza da, eta ELLAS elkarteagaz elkarlanean garatu dute.
Udaletik adierazi dutenez, aurkezpenaren helburua azken hilabeetan garatutako parte hartze prozesuaren emaitzak herritarrei aurkeztu eta udalerriko emakume nagusien oroitzapen, bizipen eta ekarpanak “ikusgarri” egitea da. Izan ere, ekimenean parte hartu duten emakumeek, irudiak baliatuz, beraien bizitzari, Bermeoren bilakaerari edota garai jakin bateko bizimoduari buruzko istorioak partekatu dituzte entzute prozesuan zehar. “Emakumeen begiradatik eraikitako memoria kolektiboa jaso eta herrira zabaltzeko aukera sortu da”, nabarmendu dute udaletik.
Proiektuak emakume nagusien “memoria aitortzeko” ere balioko duela azpimarratu du Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziak: “Emakume nagusien memoria aitortzeko, haien ahotsak erdigunean jartzeko eta herriaren historia kontakizun zabalago eta partekatuago batetik berrirakurtzeko aukera ematen du”. Izan ere, proiektu honegaz memoria kolektiboan sarri “bigarren planoan” geratu diren emakumeen esperientziak “ikusarazi eta balioan jarri” gura dituzte.
Bermeoko emakumeen memoria bizia ekimenak Euskara Sailaren laguntza ekonomikoa izan duela eta prozesuan herriko hainbat pertsona, eragile eta komertziok lagundu dutela ere gogoratu dute udaletik. Era berean, prozesuan parte hartu duten emakumeen ekarpena balioan jarri eta beraien argazki, oroitzapen eta bizipenak partekatzeagatik eskerrak eman dizkie. Halaber, Alde Zaharreko lokal jabeen laguntza ere eskertu dute, “euren espazioak memoria kolektiboa herriratzeko erabiltzeko prestutasunagatik”.
Bi atal. Bariku gaueko aurkezpen ekitaldiak bi atal izango ditu. Lehenengoa memoria ibilbidea izango da, prozesuan parte hartu duten emakumeekin batera egingo dutena. 22:30ean ipini dute hitzordua, Taraskan. Bertaratzen direnek, Alde Zaharreko hainbat lokaletan jarritako biniloetan parte hartzaileek emandako antzinako argazkiak eta proiektuaren memoria osatzen duten irudiak ezagutzeko aukera izango dute.
Jarraian, 23:00ak aldera, Urdin urdiñe, proiektuko emakumeen testigantza eta bizipenak jasotzen dituen ikus-entzunezkoaren proiekzioa egingo dute Bekoportalen.
Udaletik herritar guztian gonbidatu dituzte ekimenean parte hartu eta “emakumeek eurek eraikitako memoria bizia ezagutzera”.