Bermeo-Urdaibai, liga modurik onenean hasteko ilusioarekin
Bermeo Urdaibaiko arraunlariak, Bizkaiko Traineru Txapelketan, Lekeition.Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren ikuskizunak hastear dira. Madrilen, Buitrago del Lozoyan, lehiatuko dute lehenengo jardunaldia domekan [ekainak 28]. Riosequillo urtegian erabakiko dira Euskotren Ligako Bandera Canal de Isabel II 175. aniversario eta Eusko Label Ligako Bandera Pueblos con Vida Comunidad de Madrid. 11:20an hasiko da emakumezkoen estropada, eta 12:15ean gizonezkoena.
Bermeo-Urdaibai Arraun Elkartean igartzen da liga hasteko “gogo handia” dagoela, eta modurik onenean hasteko “ilusioarekin” daude. Jon Salsamendi Goñi entrenatzailearen hitzetan, “ziurgabetasun puntu bat” daukate, ekainean bi estropada bakarrik egin baitituzte, eta arerio zuzenenek, ostera, bospasei estropada: “Badakigu konpetizio erritmoko minutu gutxirekin iritsiko garela”. Hala ere, entrenatzen “oso gustura” ari dira, eta ligari ekiteko gogotsu daude.
Hain zuzen ere, soilik Bizkaiko eta Euskadiko traineru txapelketak lehiatzeko aukera eduki dute: Bizkaikoa emaitza oso onarekin bukatu zuten, txapeldun izanik (Bizkaiko txapelketa hamaseigarren aldiz irabazi dute). Euskadikoan, ostera, “ez zitzaien ezer ondo atera”, eta seigarren postuarekin bueltatu ziren etxera: “Badakigu Bizkaikoa irabazteagatik ez garela munduko onenak, eta Euskadikoan seigarren eginagatik, ez garela postu horretan egotekoak; entrenamenduetan egiten dugunak ere hori esaten digu. Konpetizioak bakoitza bere lekuan jartzen du, eta kontua da uda osoa daukagula aurretik”. Salsamendik esan bezala, Madrilgo berezitasun horrekin, talde guztietan igartzen da ondo hasi nahi hori.
Madrilgoa “estropada urduria” izatea aurreikusten du oriotarrak, eta Bou Bizkaia-koen lehen helburua da akatsik ez egitea eta ahalik eta posturik onena lortuta, handik bizirik bueltatzea: “Hemen derrigorra ez dago ezer, baina iruditzen zaigu beti ere aurreneko lau postuetan sartuta egon behar dugula, eta lehenengo estropadatik hori demostratzen saiatuko gara”. Aurkariei asko begiratu barik, arreta osoa bere taldean ipinita dauka Salsamendik. Orioren nagusitasuna ukaezina da, eta hark markatuko die norabidea sailkapeneko goiko postuetan egon nahi duten gainontzekoei. “Ez dago askorik begiratu beharrik. Aurreko urtean ikusi genuenagatik eta denboraldiaurre honetan ikusi dugunagatik, argi dago erritmoa edo maila markatuko duen taldea Orio dela. Beste guztiok egunero lan egin behar dugu aurrena beraiei hurbiltzeko, eta hori lortzen duenak beraiei banderak lehiatzen saiatzeko. Baina aurrena demostratu behar dugu aurreko urtean baino hurbilago gaudela, eta momentuz hori ez dugu egin. Gurean zentratu behar gara, eta arerioak egiten duenari kasu gutxi egin, etxean daukagulako hobetzeko tarte handia”.

Bandera astintzen, Bizkaiko Traineru Txapelkan.Bermeo Arraun Argazkiak
Leihakor aritzeko taldea egonkortu eta heldutasunera iristea ezinbestekoa dute; izan ere, aldaketa asko eduki ditu talde bermeotarrak, eta horrek baldintzatzen du: “Lehengo urtetik hona gure taldean bederatzi aldaketa izanik, talde bezala heldutasun puntu hori landu behar dugu, eta hori estropadetan lantzen da. Esperientzia horiek konpetizioko presiopean bakarrik lortzen dira, jardun horrekin hobetzen da. Horregatik, guk estropadak behar ditugu orain. Ligan ezin zara sei-zortzi estropada egitera itxaroten egon zure onena emateko. Objektiboki begiratuta, badakigu estropadak behar ditugula, gure maila gorantz joateko eta heldutasun hori pixka bat sendotzeko. Eta baita ere badakigu hasieratik ondo ez bagara hasten, zaila izango dela hori. Hasieratik bermea izanik, gure burua behartu nahi dugu gora begira egotera. Baina uste dut umiltasuna ez dela sekula galdu behar, eta horregatik, konpetizioan demostratu beharko ditugu entrenamenduetan bizitzen ari garen sentsazio on horiek”.
“Lehengo urtetik hona gure taldean bederatzi aldaketa izanik, talde bezala heldutasun puntu hori landu behar dugu”
Iaz liga laugarren amaitu zuten eta Kontxako Banderan hirugarren sailkatu ziren, eta emaitza horiek hobetu nahi dituzte: “Dudarik gabe hobetu nahi ditugu, eta horretarako laneran ari gara. Bermeon beti dago goian egoteko filosofia eta mentalitate hori, eta nik ez dut hori galdu nahi, horri helduko diogu”. Pausoz pauso jardunez, iazkoa hobetu dezaketela iruditzen saio entrenatzaileari; zenbaki edota postu bat baino gehiago, aurreko urtean baino errendimendu hobea eta abiadura hobea izatea bilatzen du: “Tokatzen denean behintzat banderak lehiatzeko moduko errendimendua lortzea da gure helburua. Hortik aurrera ligak gure lekuan jarriko gaitu. Helburua ez da zenbaki bat, postu bat; agian, nagusitasun osoz sentitzen zarenean, helburu bakarra irabaztea izaten da. Eta anbizio hori denok daukagula uste dut. Guk ere irabazi nahi dugu eta irabazteko entrenatzen dugu, baina anbizioaren aurretik umiltasuna ere badaukagu, eta badakigu onartzen irabazteaz hitz egiteko, aurretik iaz demostratu ez genituen gauzak demostratu beharko ditugula”.
Anbizioa eta umiltasuna oinarri dituzte. Gora begira daude, hobetu nahi dute, irabazi nahi dute, baina Salsamendik nabarmendu modura, orain arte demostratu ez dituzten “gauza asko demostratu behar” dituzte, “pausoz pausoko mentalitateagaz, baina beti ere gora begira“.
“Guk ere irabazi nahi dugu eta irabazteko entrenatzen dugu, baina anbizioaren aurretik umiltasuna ere badaukagu; iaz demostratu ez genituen gauzak demonstratu beharko ditugu”