Gernika-Lumoko 46 babesleku klimatikoak seinaleztatu ditu udalak
Babesleku Klimatikoen Sarea ezartzeko lanak amaitu ditu Gernika-Lumoko Udalak, gune horien seinaleztapenagaz. Helburua da edonork hurbileko espazioa izatea tenperatura altuetatik babesteko, batez ere egunaren erdiko orduetan eta beroak eragindako alerta egoeretan.
Klima-aldaketari aurre egiteko egokitze lanak egin ditu Gernika-Lumoko Udalak udalerriko kale eta ekipamenduetan. Hala, Babesleku Klimatikoen Sarea ezartzeko lanak amaitu ditu, eta horiek seinaleztatu berri ditu, baita informazio-sistema batean sartu ere, “herritarrek errazago aurkitu eta erabil ditzaten”. Helburua da edonork hurbileko espazioa izatea tenperatura altuetatik babesteko, batez ere egunaren erdiko orduetan eta beroak eragindako alerta-egoeretan.
Babesleku Klimatikoen Sarea udalerri osoan zehar banatutako 46 espaziok osatzen dute, eta, horri esker, herritarrek leku seguru eta erosoak izango dituzte muturreko bero egoeretan. Zehatz esateko, sarea kanpoko 36 babeslekuk osatzen dute, nagusiki itzal eta aireztapen naturaleko parkeek, plazek eta berdeguneek, baita udal-eraikinetan eta espazio publikoetan kokatutako barneko 6 babeslekuk ere; barruko babesleku horiek baldintza termiko egokiei eusten diete urteko hilabete beroenetan, eta horien artean daude Merkatu Plaza, Jai Alai frontoia, Santa Luzia Gizarte Zentroa, Santa Luzia ermita eta Hirugarren Adinekoen Elkartearen egoitza. Hauez gain, etorkizunean egingo diren sare-handitzeetan integratzeko potentziala duten beste lau espazio identifikatu dituzte.
Sare hori abian jartzeak “gero eta agerikoagoa” den errealitate bati erantzuten diola diote udal ordezkariek. Izan ere, muturreko bero-gertakariak “ohikoagoak, biziagoak eta luzeagoak” dira, eta, beraz, administrazioek egokitzapen-neurriak hartu behar dituzte herritarren osasuna babesteko. Jon Lejarraga Ingurumeneko zinegotziaren esanetan, klima-aldaketa ez da jada etorkizuneko aurreikuspena, “egunerokotasunari eragiten dion errealitatea” baino: “Sare honegaz pauso garrantzitsua eman dugu herritarrak babesteko eta pertsona guztiek muturreko bero-egoeretan babesteko gune irisgarriak izan ditzaten bermatzeko”.
Ihobek Europar Batasunak bultzatutako LIFE Urban Klima 2050 programaren barruan ezarritako irizpideei jarraikiz aukeratu dituzte babeslekuak. Balioetsitako baldintzen artean honako hauek egon ziren: irisgarritasun unibertsala izatea, hurbiltasuna, doako sarbidea, oinarrizko zerbitzuen eskuragarritasuna eta hiri-ingurunea baino baldintza termiko onuragarriagoak eskaintzeko gaitasuna. Sarea udalerriko hainbat eremutan banatzen da, estaldura orekatua bermatzeko eta biztanleria gune horietakoren batera minutu gitxiko tartean ailegatu ahal izateko.
Klima berorako “prestaketa”.
Babesleku Klimatikoen Sarea ezartzea klima-egokitzapenerako udal estrategiaren parte dela jakinarazi dute. “Udalerrirako egindako azterlanen arabera, tenperaturak pixkanaka igoko dira datozen hamarkadetan, eta bero boladak gero eta ohikoagoak izango dira. Horiek eragin handiagoa izango dute kolektibo kalteberenetan, hala nola adineko pertsonengan, umeengan edo gaixotasun kronikoak dituztenengan”, gogoratu dute. Eta, gehitu dute sareak arrisku horiek murriztea duela helburu, espazio irisgarri, hurbil eta erraz identifikagarrien bidez herritarrek estres termiko handieneko egunetan lasaitasuna aurki dezaten.