Mundakako kontsultategia inauguratu dute
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Lore Bilbao Osakidetzako Zuzendari Nagusiak eta Sorne Rubio Mundakako alkateak Mundakako kontsultategia inauguratu dute gaur [ekainak 22].
Lehen mailako arreta eskaintzen duen Mundakako kontsultategia inauguratu dute gaur [ekainak 22], eta, hain zuzen ere, lehen mailako arretaren garrantzia azpimarratu dute Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Lore Bilbao Osakidetzako Zuzendari Nagusiak eta Sorne Rubio Mundakako alkateak. Era berean, bertako osasun langileen lana ere goraipatu eta eskertu dute.
Eraberritze lanak amaituta, maiatzaren 18tik martxan daude gune berrituak dituen azpiegitura berri horren zerbitzuak. Erakundeen arteko lankidetza ere nabarmendu dute gaurko bisitan, eta adierazi dutenaren arabera, 1.650 biztanletik gorako biztanleriari emandako osasun-arreta “nabarmen hobetuko” da. Osasun sailburuaren hitzetan, Osakidetzaren eredua den hurbileko lehen mailako osasun arretaren adibide da Mundakako kontsultategia. “Euskadin 400 osasun zentro, kontsultategi eta anbulariotik gora dauzkagu Osakidetzaren barruan, eta esaterako, Frantzian eta Alemanian ez daukate bat bera ere. Balioan ipini nahi dut hurbileko lehen mailako arreta; gure osasun sistemari indarra ematen dio. Gainera, hau eskuragarritasunaren adibide da. Medikuaren itxaron-epea egun batekoa da, erizainak egun berean artatzen du. Osakidetzak landa eta itsasertzeko udalerri txikietan, Mundakan adibidez, lehen mailako arretako asistentzia-zerbitzua zuzenean emateko duen gaitasuna azpimarratzekoa da”.
Mundakako alkateak esker oneko hitzekin hasi du agerraldia. Osasun sailburuari, Osakidetzako zuzendariari, udalerriko talde politikoei, herritarrei eta batik bat udalerriko osasun zentroko langileei eskerrak eman dizkie: “Langileak dira egunero zaintzen gaituztenak eta gure arduragaz egoten direnak. Gaur ez badago ere, Matxalen gure medikuari bere inplikazioagatik eta lanagatik eskerrak eman nahi dizkiot, baita Tyscar gure erizainari ere, biak herritarrei laguntzeko prest daude beti. Eta ezin dugu ahaztu Jon; sarreran dena antolatzen egoten da. Gaur Nerea eta Amaia ordezkoak daude, eta eurei ere eskerrak eman nahi dizkiet”.
Ekonomikoki zein azpiegitura aldetik, udalarentzat osasun zentroa “apustu eta esfortzu handia” izan da: “Hilabete hauetan Osakidetzagaz harremanetan eta lanean ibili gara, eta euren beharrizanak eta indikazioak kontuan hartuta lortu dugu osasun zentro berria”. Alkateak esan modura, eraikina “osotasunean herritarren osasunera” bideratu dago, eta eraikin “modernoa” da, espazio “zabal eta jasangarriekin”.
Kontsultategi berriak aurrekoak baino “askoz ere eremu bereizi eta lasaiagoetan” banatzen ditu zerbitzuak: kontsultategi mediko bat, erizaintzako bat, eta erabilera anitzeko gune bat analisiak, proba funtzionalak eta sendaketak egiteko. Erabiltzaileen ongizateari eta segurtasunari “lehentasuna” emanez, omun egokituak eta itxarongela zabala dauzka. Osakidetzako arduradunek zehaztu dute gunea berritzeak familiako medikuntzako eta erizaintzako ohiko kontsultak “optimizatzen” dituela, osasun komunitarioko ekimenak “bultzatzen” dituela, eta komunikazio “arinagoa eta zuzenagoa sendotzen” duela adineko pertsonentzat, udalerriak dituen bi egoitzekin.
Alderdi teknikoari dagokionez, jasangarritasun arkitektonikoaren alde egindako “apustu sendoagatik” nabarmentzen da egoitza, aerotermiako teknologia sartzen baitu. Sistema horrek energia-kontsumoa minimizatzen duen kontrol termiko “eraginkorra” bermatzen du, bere karbono-aztarna pixkanaka murrizteko Osakidetzak daukan estrategiarekin bat eginez.
Alarma gorriaren aurrean, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du Osasun sailburuak
Eusko Jaurlaritzak eguaztenera bitartean zabaldu du alarma gorria, muturreko tenperatura altuengatik, eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei gaur Mundakara egindako bisitan. Segurtasun neurriak mantentzeko eta eguneko ordu nagusietan eguzkitan egotea eta kalean ariketa fisikoa egitea saihesteko gomendioa gogoratu du, baita hidratatuta egotekoa ere: “Batik bat egoera kalteberan daudenak zaindu behar dira, arreta berezia eduki behar dugu, eta bakarrik bizi direnak kontrolatuta edukitzea ere komeni da”.
Segurtasun Sailak gaur, 12:00etatik aurrera, LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko.
Bero-bolada gehiago egongo direla eta gero eta gehiago iraungo dutela adierazi du Martinezek, eta horren aurrean, prest egotea garrantzitsua dela gogoratu du: “Prest eta kontzientziatuta egon behar dugu; ez gaude ohituta, eta prebenitzeko neurriak hartu behar ditugu”.
Lore Bilbao Osakidetzako Zuzendari Nagusiak azaldu du Osakidetzan neurriak hartu dituztela, eta ESI guztietara abisua pasatu dutela, “ahal diren neurri guztiak hartzeko eta mantentzeko”, eta leku jakin batzuetan, telelana egiteko gomendioa egin dutela.
GOMENDIOAK
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, datozen egunetan aurreikusten diren muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planak jasotzen dituen autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatzen du:
Aire zabaleko berotik babestea
- Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
- Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
- Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
- Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.
Etxea fresko mantentzea
- Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
- Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
- Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
- Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
- Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
- Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihestea
- Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
- Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
- Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
- Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.
Pertsona zaurgarrienak zaintzea
- Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
- Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
- Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.
Laneko arriskuen prebentzioa
- Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
- Etengabe hidratatzea.
- Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
- Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
- Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.