Mundakako kontsultategi berria martxan dago
Osasun-zentro berriak hobekuntza "nabarmena" suposatuko du lehenengo mailako arretan, "funtzionaltasunean eta pazienteen ongizatean" oinarritutako diseinuari esker.
Osakidetzak Mundakako kontsultategi berria martxan jarri du du gaur [maiatzak 18] Goiko kaleko 1. zenbakian, erdigunean bertan. Astelehenetik barikura, 08:00etatik 15:00etara bitartean dago zabalik.
Azpimarratu dutenez, Mundakako Kontsultategi berria abian jartzea Euskadiko Osasun Itunaren ekintza-ildoetako bat da, bertan jasotako lehentasunetako bat “Lehen Mailako Arreta indartzea” baita: “Jarduketa horrekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak aurrera egin dute herritar guztiei arreta hurbilagoa, irisgarriagoa eta kalitate handiagokoa eskaintzeko bidean”.
Azpiegitura berri horri esker, 1.650 biztanletik gorako biztanleriari emandako “osasun-arreta hobetu” ahalko da, “espazio zabalagoak, irisgarriagoak eta egungo premietarako egokiagoak” dituelako. Osakidetzako arduradunen hitzetan, osasun-zentro berriak hobekuntza “nabarmena” suposatuko du lehenengo mailako arretan, “funtzionaltasunean eta pazienteen ongizatean” oinarritutako diseinuari esker: “Ekipamendu berriak aurreko kontsultategia ordezten du, eta jauzi kualitatiboa ekarriko du udalerriaren lehen mailako arretan. Zentroa biztanleria zahartuari arreta emateko diseinatu da —% 18 inguruk 75 urte baino gehiago dituzte—, hau da, oztopo arkitektonikorik gabeko instalazioak egin dira, kronikotasunari eta hauskortasunari arreta emateko programak indartzeko”.
Gainera, biztanleria osoari estaldura eman ahal izateko, ohiko osasun-arazoen aurrean erantzuteko gaitasuna “areagotuko du”, baita erizaintzako arreta eta osasun komunitarioko jarduera ere: “Erantzun hobea eman nahi da patologia akutuetan, erizaintzan eta osasun komunitarioan”. Kontsultategiari esker, zerbitzua “hobeto koordinatu” ahalko da udalerriko adinekoen bi egoitzekin, eta arreta “jarraituagoa” egingo dutela zehaztu dute.
Espazio zabalak. Lokalak familiako medikuntzako kontsulta, erizaintzakoa eta tratamenduetarako, proba funtzionaletarako eta odola ateratzeko eremu espezifikoa, itxarongela segurua eta handia eta komun egokituak dauzka. Espazio horiek guztiak aurretik zeudenak baino “askoz zabalagoak” dira, profesionalen lana “errazteko”.
Azaldu dutenaren arabera, modernizazioaren eta ingurumenarekiko errespetuaren irizpideekin bat eginez, kontsultategiak aerotermia-instalazioak dauka. Sistema horrek klimatizazio “eraginkorra eta jasangarria” ahalbidetzen du, eta Osakidetzak karbono-aztarna murrizteko daukan konpromisoa berresten du.