"Bermeon bizi gura dugu; etxebizitza ez da negozio bat, etxeak bizitzeko dira"
Bermeoko Ernaik "etxebizitza eskubidearen alde eta turismoaren negozioaren kontrako" manifestazioagaz herriko kalea bete zituen atzo e [ekainak 19], 'Bermion bizi gudu' lelopean.
Bermeon bizi gura dutela aldarrikatzeko manifestazioan bildu ziren bermeotarrak zein inguruetako herritarrak atzo (ekainak 13) Bermeoko Goiko plazan, Ernaik deitutako mobilizazioan. Handik hasita, herriko kale zein plaza aldarriz bete zituzten: Hemen hazi, hemen bizi; Ez, ez ez, VTrik ez; Gazte, altxa, hasi da iraultza bezalakoak izan ziren ozen oihukatu zituztenak. “Gaurko mobilizazioak argi erakutsi du ez gaudela bakarrik. Gero eta gehiago gara egoera hau onartezina dela esaten dugunok, gero eta gehiago gara gure herrian bizi gura dugula aldarrikatzen dugunok, eta gero eta gehiago gara gure etorkizuna defendatzeko kalera ateratzeko prest gaudenok”.
Izan ere, gazte belaunaldiak etxebizitzarako sarbidea “gero eta urrunago” duela salatu zuten Bermeoko Ernaikoek, Bermeon geratu eta beraien bizi proiektua herrian eraikitzea gero eta zailagoa dela esanda: “Bermeon jaio gara, hemen egin dugu gure bizia eta hemen eraiki nahi dugu gure etorkizuna. Baina gure bizi proiektua hemen garatzea amets bihurtzen ari da”. Ondorioz, etxebizitza eskubidearen alde eta turismoaren negozioaren kontra mobilizatu ziren.
Ze, gazteak emantzipatzea “ezinezkoa” bihurtu dela salatu zuten. “Alokairuak gero eta altuagoak dira, etxebizitzen prezioak gorantz doaz eta gure soldatak, kontrara, gero eta prekariagoak dira”, adierazi zuten, eta, horrek, belaunaldi oso bateri “bere bizi proiektua eraikitzeko aukera ukatzen” diola gehitu zuten.
Nabarmendu zuten, egoera hori ez dela kasualitatea, urteetan zehar hartutako “erabaki politikoen ondorioa” dela: “Etxebizitza eskubide bat izan beharrean, negozio bihurtu dute. Etxeak bizitzeko espazio izan beharrean, etekin ekonomikoa ateratzeko tresna bihurtu dira”. Gogoratu zuten, turismoaren negozioak eta etxebizitza turistikoen hazkundeak “gero eta leku handiagoa” hartu duela Bermeon, bertoko “herritarren kalterako”. Izan ere, jakinarazi dutenez, Bermeon 310 etxebizitza turistiko daude. Hala ere, hori ez dela kostako herrira mugatzen den arazo bat onartu zuten atzo, Euskal Herriko herri eta hiri askotan dagoen problematika dela adierazita. Baina beraiek argi dute: “Etxebizitza ez da negozio bat, etxeak bizitzeko dira; eta, herri baten etorkizuna ezin da eraiki beraien gazteak kanporatuta”.
Horregatik, EAJk urteetan “turistifikazioa eta etxebizitzen negozioa sustatu” izana salatu zuten: “Eta gaur egun ere, arazo honen aurrean, erantzukizunak saihesten saiatzen dira. Urteetan herria negozio eredura bultzatu dute, eta ez dugu onartuko etxebizitzen arazoari irtenbideak eta neurriak proposatzen dabiltzanei oztopoak ipintzen segitzea”.
Hala ere, herriko gazteek ez dute amore emango. Ez daude herritik alde egiteko prest. Ez daude etxebizitza negozio bihurtzea onartzeko prest: “Bermeo bizitzeko herria izatea nahi dugu. Gazteok gure bizi proiektua hemen eraiki ahal izatea nahi dugu. Eta hori lortzeko antolatzen, borrokatzen eta kalera ateratzen jarraituko dugu”. Ernaitik, beraz, Bermeoko eta inguruko gazte denak egoera honen aurrean antolatzera eta borrokara batzera deitu dituzte, hori baita “eskubideak defendatzeko eta beraien etorkizuna bermatzeko bide bakarra”.