Aniztasun zaporea bizi eta dastatu dute
Urte batzuetako etenaldiaren ostean, arrakastaz itzuli da Munduko Arrozak jaialdia Gernika-Lumora. Janaria, musika eta dantza bidelagun, komunitatearen indarra erakutsi dute jaialdian bildutako 200 lagunek baino gehiagok. Izan ere, arroza aitzakia hartuta, kultura, istorio eta bizipenak partekatu dituzte.
Kulturartekotasunaren zaporeak hartu du Gernika-Lumoko Merkatu plaza gaur (ekainak 20). Arrozik onena zein den jakiteko 17 arroz plater aurkeztu dituzte hamaikagarren urtez antolatu duten Munduko Arrozak jaialdira, eta Akurkulu izan da aurtengo onena.
Urte batzuetako etenaldiaren ostean berreskuratu du ekitaldia Gernikatik Mundurak. Taldekideek berriro piztu nahi izan dute “topaketaren, elkarbizitzaren eta herria ezaugarritzen duen aniztasunaren sua”, elkarbizitzaren txinparta, eta hala egin dute. Izan ere, “arrakastatsua” izan da jaialdiaren buelta. 200 lagundik gora elkartu dira Merkatu plazan, eta herriko aniztasuna plazaratu dute. “Pandemia sasoitik ez da Munduko Arrozak jaialdia antolatu, baina belaunaldi erreleboa dago Gernikatik Munduran, eta indar berritua aprobetxatu dugu jaialdia berreskuratzeko”, kontatu dute. Horretarako, aurreko antolatzaileekin elkarlanean ibili dira, antolaketa nola egiten zuten galdetzen, herritarrak mobilizatzen, eta erantzun ederra jaso dute. “Herritarrek bikain erantzun dute, ez genuen horrenbeste jende espero. Jendea gogotsu agertu da, eta pentsatzen genuena baino gehiago bertaratu dira plazara”, gehitu dute.
Munduko Arrozak lehiaketa eta jai herrikoia uztartzen dituen jaialdi parte hartzailea da, eta talde bakoitzak kultura tradizio batean oinarritutako arroz plater bat aurkeztu du, ostean epaimahaiak onena aukeratzeko. Ondorioz, goizean goizetik gerturatu dira herritarrak Merkatu plazara, eta kolore, zapore, usain eta itxura askotako arrozak prestatu dituzte, nork bere erara. Guztira, 17 arroz plater aurkeztu dituzte txapelketara.

Jatorri desberdinetako gernikarrek osatutako epaimahaiak erabaki du zein den aurtengo munduko arrozik onena: Akurkulurena. Bigarren onena, berriz, Otxandia izan dela ebatzi du epaimahaiak, eta sarien podiuma osatu du arroz komunitarioak.
Arrozak lehiaketara aurkeztu ostean egin dute sari banaketa, eta jarraian bazkaltzeko elkartu dira bertaratutakoak Merkatu plazan. 200 lagun baino gehiagok parte hartu dute herri bazkarian. Arratsaldean, gainera, dantzekin gozatzeko aukera eduki dute bertaratutakoek.
Aniztasun gunea.
Arrozak prestatu bitartean, eta horiek dastatu bitartean, musika eta jai giro ederra ez dira falta izan. Izan ere, ekimenak balio handia ematen dio jai giroan elkartzeari, testuinguru interkultural eta belaunaldiartekoan. “Munduko Arrozak ekimenak era askotako kolektiboak batzen ditu janaria prestatzeko, berba egiteko edota harremanak ehuntzeko”, esan dute antolatzaileek. Arroza da abiapuntua —mundu osoan presente dagoen elikagai xumea, mila errezeta desberdinen parte dena—, baina horren bidez istorioak, tradizioak eta jakintzak partekatu dituzte gaurkoan. “Dibertsitate edo errealitate desberdinak ezagutzeko aukera da. Arroza aitzakia gisa erabili dugu, kultura pilo bat batzeko. Arroza aitzakia izan da adin, jatorri, kultura desberdinetako jendea biltzeko”, adierazi dute antolatzaileek.
Horrelako espazioak “ezinbestekoak” direla azpimarratu du parte hartzaileetako batek, beste batek “ederra” dela horrelakoak egiten segitzea dio, eta egon da “elkar ezagutzeko topagunea” dela esan duenik ere. Etxean moduan sentitu dira bertaratutakoak, eta urtero horrelako bat —”edo bi”— antolatzearen gogoa erakutsi dute horietako batzuek.
Elkarbizitza izan da jaialdiaren osagai nagusia. Hain zuzen ere, aurten 25 urte betetzen duten Ideasurreko kideek nabarmendu dute jaialdi honek “elkar batzeko” aukera eskaintzen duela: “Jarduera honek aukera ematen digu auzotar gisa elkartzeko, unibertsalak diren ikurren inguruan —hala nola janariaren eta dantzaren inguruan—, gure jatorriaz, adinaz edo estatusaz harago”.
Gainera, topaketa hau gorrotoaren, indarkeriaren eta beldurraren diskurtsoei “aurre egiteko aukera” ere badela azpimarratu dute: “Komunitate gisa bakerako eta anaitasunerako dugun indarra ahanztarazi nahi digute, baina horrelako ekimenek balio dute komunitatearen indarra erakusteko”. Horregatik, “gozatzeko, dantzatzeko eta ospatzeko gonbidapena egin diete bertaratutakoei, eta hala egin dute.

Hala ere, ez dituzte ahaztu “abariziak, noberekeriak eta zentzugabekeriak” jotako lurraldeetan bizi diren pertsonak. Egungo testuinguruan, migrazioaren aurkako diskurtsoak zabaltzen ari diren honetan, horrelako espazioak eszinbestekoak direla gogoratu dute, horrelako diskurtsoak “auzokideen kontrakoak” baitira: “Herri horiek gogoan ditugu, dena kontra duten arren, bizitzari kemenez eta jarrera onez erantzuten diotelako, askatasunez eta duintasunez betetako etorkizun baten alde”. Beraz, normalean elkartuko ez litzatekeen jendea batzeko espazio publikoak sortzen joatearen garrantzia nabarmendu dute.
Hori horrela, mahaiaren bueltan bildu direnek aniztasuna ospatu dute, eta komunitatearen loturak sendotu dituzte gaurkoan. Arroza izan da aitzakia, baina elkarbizitza osagai nagusia.