Ez ohiko hasieragaz, baina ohiko eran ospatzeko datoz sanjuanak
Gautegiz Arteagako abesbatzaren emanaldiaren ondoren izango da Eako San Juan jaietako gaurko txupinazoa. Inolako erasorik gabeko jaiak nahi dituztela aldarrikatu dute.
Bi asteburu bete bezain berezi dituzte aurretik eatarrek. Urtebeteko itxaronaldiak merezi izan du, eta San Joan jaiak hasteko eta jai giroan murgiltzeko eta bustitzeko prest daude herritarrak.
Aurten, gainera, ez ohiko hasiera edukiko dute jaiek; izan ere, orain arte Kaiarrira igoerak iragartzen zuen jaien hasiera, baina aurten, Gautegiz Arteagako abesbatzaren emanaldiagaz hasiko dituzte jaiak. 18:00etan hasiko dute kontzertua San Juan elizan. Gero, Kaiarrira begira jarriko dira. Bertan ikurrina ipini eta txupinazoan batuko dira.
Bestalde, normalean ekintza edo ekitaldi ia denak txosna inguruan hasten dituzte, Arritola plazan, eta aurten erabaki dute kantu poteoaren hasierako lekua aldatzea, eta moilan hasiko dute gaur: «Txupinazoa Kaiarrian denez, bertatik datozenekin hasiko dugu kantu poteoa, eta elkarrekin joango gara herrigunera».
Gaur gauean, Eztandap taldea bere plaza kuttunenetakora bueltatuko da: «Azkenengo lau edo bost urteetan ez dute hutsik egin, taldeko kide bat bedarutarra baita. Bestalde, Sugaar erromeriaren kide batzuk ere ezagunak ditugu; iaz etorri ziren beste erromeri bategaz, eta orain talde berriagaz datoz».
Gaur parranda eginda ere, biharko indarrak gorde beharko dituzte. Izan ere, herri bazkarian elkartuko dira. 85 bat pertsonentzako mugatu behar izaten dute eta, oraingoan ere, lekuak azkar bete dituzte: «Beti egoten da eskari handiagoa, baina ez daukagu ez mahairik, ez aulkirik, eta horregatik mugatzen dugu. Indarra hartu duen hitzordua da».
San Joan bezperan, hondartza izango dute topaleku: su artifizialekin eta San Joan suagaz argiztatuko dute gaua. San Joan egunean eta biharamunean, ostera, batik bat umeei eta gaztetxoei zuzendutako programazioa edukiko dute, gaztelu lehiaketa, erraldoi, jolas eta diskofesta artean.
Errekara sartzeko eguna. Erreka Eguna barikuz ospatuko dute aurten, eta azkenengo urteetan baino jende gehiago bilduko dela uste dute. 12:00etan Ategainekoa kalerik kale dantzatuz hasiko dute jaietako egun handia, eta arratsaldean, berriz, errekara sartu eta bertan dantzatuko dute. Eguerdian, arratsaldean zein gauean musikarik ez da falta izango, egun handia behar den moduan girotzeko.
Jai batzordeko kideek azpimarratu duten bezala, denen parte hartzea beharrezkoa da, denentzako jaiak prestatzeko eta denek jaietan gozatzeko: «Jai batzordean oso gutxi gara, eta jendea bertako kide izatera animatu nahi dugu. Gazteak, belaunaldi berriak behar dira hurrengo urteetan jaiak antolatzen aritzeko. Konpromisoa hartzea beharrezkoa da, bestela hemendik urte batzuetara ez da egongo nork antolatu».
Protokoloa. Inolako erasorik gabeko jaiak nahi dituzte, eta erasoren bat gertatuz gero, Indarkeria matxisten aurrean jarduteko protokoloa martxan ipiniko dute. Eako Udalak sustatuta, Bedarona, Ea eta Natxituko Andrak talde feministak osatu du aurten, «erasoen aurrean erantzun koordinatu, bateratu, azkar eta eraginkorra» emateko helburuari jarraituz, eta jai batzordeko kideek esan duten modura, «erabili behar ez izatea espero dute».
Hain zuzen ere, bertako zein inguruko herritarrei jaietan ondo pasatzera hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete antolatzaileek, beti ere, errespetuz jokatzeko eskatuz.
EGITARAUA:
Gaur
- 18:00.Arteagako Abesbatza, San Juan elizan.
- 19:00. Txupinazoa eta ikurrinaren igoera.
- 20:00. Kantu poteoa, moilan hasita.
- 22:00. Kontzertuak: Eztandap eta Sugaar erromeria.
Bihar
- 14:30. Herri bazkaria.
- Ondoren. Bingo musikatua.
- 20:00. Lebig Gibel.
- 22:00. DJ Koet.
Ekainak 23, martitzena
- 22:30. Su artifizialak eta ostean, San Joan sua.
Ekainak 24, eguaztena
- 17:00. Gaztelu lehiaketa.
- 18:30. Erraldoiak.
Ekainak 25, eguena
- 17:00. Umeen jolasak.
- 18:00. Dantzatzeko prest diskofesta.
Ekainak 26, barikua
- 12:00. Ategainekoa.
- 13:00. Ardoa Barrura fanfarrea.
- 17:00. DJ Koet, moilan.
- 17:30. Danok errekara!
- 21:00. Patxangoi elektrotxaranga.
- 00:00. Hmndk etxera DJa.
Ekainak 27, zapatua
- 17:00. Txosnaren desmuntatzea.