Auzoetan ere, San Joan jaien berotasunean udari ongietorria emateko prest
Gaitz guztiak baztertu eta onei ongietorri beroa emateko prest daude Busturialdeko hainbat auzotako bizilagunak. Eguraldi beroari aurpegi onagaz aurre egiten laguntzeko, gaurtik San Joan egunera bitartean musikak, bertso saioek, herri bazkariek, herri kirol erakustaldiek eta suen pizteek hartuko dituzte hamaika txoko. Ohi legez, urteko egunik luzeenaren ospakizunetan giro ona izango da protagonista.
San Joan suetarako metak prestatzen hasita daude hango eta hemengo udalerrietako bizilagunak. Ate joka daude sanjoanak; ate joka, uda. Suaren inguruan batu eta gaitz guztiak erre daitezela eskatzeko ohituragaz bat egingo dute herritarrek ekainaren 23an, San Joaz bezperaz, eta askok, dagoeneko prest dituzte sorginak, lastoa eta egurra; prest su garretan errez atzean utzi nahi duten guztia. Sanjoanak, baina, konjuruak bota eta onak eskatu eta erakartzeko aukera ere badira, eta hori izango da, hain zuzen ere, Busturialdeko hainbat auzotan ospatu nahi izango dutena.
San Joanen aitzakipean auzoetako jaiak ospatuko dituzte hamaika txokotan baina, egun handia iritsi bitartean, udari hasiera emateko ere baliatuko dute asteburua. Hala, gaurtik hasita, datozen egunetarako hamaika ospakizun aurreikusten dira bi eskualdeetan.
Urteko egunik luzeena iritsi bitarteko itxaronaldia arintzeko egitarau oparoa prestatu dute Gernika-Lumon, gaur hasi eta martitzenera arte iraungo duena. San Juan Ibarra izango dute topaleku, eta ez dira Segundo Olaeta Musika Eskolaren kalejira edota Rock’N Band kontzertuak faltako. Umeek ez dute aspertzeko tarterik izango, egunero izango baitituzte, besteak beste, beraientzat pentsatutako puzgarridun parkea eta tailerrak aukeran. Helduek ere gozamenerako tartea izango dute, adibidez, bihar, Extremoduroren tributuagaz.
Kanpantxu auzoan elkartuko dira ajangiztarrak ere gaur iluntzean, pilota partiduak ikusi eta bakailao janaz gozatzeko. Bihar ere jai giroa izago da nagusi eta, astelehenean atseden hartuta, martitzenean agurtuko dituzte sanjoanak, suaren pizteagaz. Kanpantxun jaiei agur esaten ari diren aldi berean, Gabikan sanjoanei ongi etorria ematen ariko dira: martitzen iluntzean su inguruan batuta ekingo diete jaiei, eta eguaztenean biribilduko dituzte, hamaiketakoan eta ohiko briska eta txantxiku txapelketan elkartuta.
Festari mahai inguruan batuta ekingo diotenak ere badira. Muxikako Ajurian herri bazkariagaz hasiko dituzte sanjoanak bihar, eta ekainaren 24a bitartean denetariko ekintzetan batuko dira: ez dira kirola, euskal dantzak eta jan-edana faltako.
Errigoitiko Zallobanten eta Mendatako Lamikizen ere urte luzeko ohiturari jarraituz ospatuko dituzte jaiok. Ohi legez, asto probekin hasiko dituzte Sallobanten etzi, eta ostean, herri afarian batuko dira, txokoan. Martitzena ere egun handia izango da, sua piztu aurretik txokolatada izango dutelako, eta su ostean, su artifizialak. Lamikizen, berriz, mezan batu ostean hamaiketakoaz eta bertso saioaz gozatuko dute etzi.
EGITARAUAK
AJANGIZ (KANPANTXU)
Gaur.
19:00. Esku pilota txapelketako finalaurrekoak.
Ostean. Bakailao jana.
Bihar.
17:30. Mus txapelketa.
Etzi.
10:00. Umeen pilota partiduak.
12:30. Nagusien esku pilota txapelketako 3. eta 4. postuak eta finala.
Ostean. Pintxoak, Euskal Parriladaren eskutik.
16:00. Umeentzako jolasak: tailerrak, herri kirolak…
Ekainak 23, martitzena.
19:00. Parrilada herrikoia.
Ostean. San Joan sua.
EREÑO (GABIKA)
Ekainak 23, martitzena.
21:00. San Joan sua.
Ekainak 24, eguaztena.
12:00. Meza nagusia.
Ondoren. Hamaiketakoa.
18:00. Briska txapelketa, herritarrentzat bakarrik. Izen ematea: 10 euro bikoteko.
Jarraian. Txantxiku txapelketa.
ERRIGOITI (ZALLOBANTE)
Etzi.
18:30. Asto probak. Nagusiak: Torreontegi Eraiketak, Iñigo Landaluze. Kinttopekoak: Ekaitz Erezuma eta Xabi Gorostiola.
Ostean. Herri afaria.
Jarraian. Obieta aita-semeak.
Ekainak 23, martitzena.
20:00. Txokolatada.
21:00. San Joan sua.
Ostean. Su artifizialak.
Ekainak 24, eguaztena.
12:00. Meza.
GERNIKA-LUMO (SAN JUAN IBARRA)
Gaur.
18:30. SOMEko trikitilarien kalejira.
20:00. Txupinazoa.
20:30. Barbakoa.
22:00. Rock’N Band kontzertua (SOME).
Bihar.
12:00. Swing dantza.
12:30. Umeentzako tailerrak.
13:00. Barbakoa.
13:30. Apar festa.
16:30. Umeen parkea.
20:30. Barbakoa.
22:00. SOMEko konboen rock kontzertua.
Etzi.
11:30. Umeen parkea.
13:00. Barbakoa.
13:30. Batukada.
16:00. Umeentzako tailerrak.
19:00. Extremoduroren tributu kontzertua.
Ekainak 22, astelehena.
11:30. Umeentzako parkea eta tailerrak.
16:00. Umeentzako parkea eta tailerrak.
19:00. Euskal dantzak, Elai Alai taldearen eskutik.
20:00. Magia ikuskizuna.
Ekainak 23, martitzena.
12:00. Umeen parkea, zezen mekanikoagaz eta puzgarriekin.
17:00. Diskofesta, umeentzat,
19:00. Txokolate jana.
20:00. San Joan gaueko showa.
MENDATA (LAMIKIZ)
Etzi.
12:00. Meza edo ospakizuna.
Ostean. Hamaiketakoa eta bertsolariak.
MUXIKA (AJURIA)
Bihar.
15:00. Herri bazkaria.
18:00. Taixuz erromeria.
Etzi.
12:00. Meza santua.
13:00. Esku pilota eta zesta punta partiduak.
18:00. Ajuriako Pala Txapelketaren finalak.
Ekainak 23, martitzena.
20:30. Baso Txoritxu Dantza Taldearen emanaldia.
21:30. San Joan suak.
22:00. Bakailao jana.
Ekainak 24, eguaztena.
12:30. San Joan eguneko meza.
Ostean. Hamaiketakoa.