Bueltan dator Munduko Arrozak aniztasun zaporeko jaialdia
Gernikatik Mundurak Munduko Arrozak jaialdia berreskuratu du aurten, eta egun osoko egitaraua prestatu du zapaturako (ekainak 20). Jaialdiak jatorri desberdinetako jendea batzea du helburu, kulturartekotasuna bultzatzeko eta udalerriko kultur aniztasun zabalaz herritarrak ohartarazteko. Hala, elkar ezagutzeko espaziora bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek herritarrei.
Gernika-Lumoko Munduko Arrozak jaialdia.Gernikatik Mundura Aniztasuna dastatzen duen Munduko Arrozak jaialdia bueltan da Gernika-Lumon. Ondorioz, zapatuan (ekainak 20), gastronomiatik harago doan jai komunitarioaren eta aniztasunaren epizentroa bihurtuko da udalerriko Merkatu plaza. Bertan, munduko hainbat lurraldetako arrozak dastatzeko aukera egongo da, ekimenak herriko aniztasuna plazaratuko du egitarau berezi eta aniz batekin: “Anima zaitezte herriari kolorea eman eta munduko arroz desberdinak ezagutzera”.
Urte batzuetako etenaldiaren ostean antolatu du berriro ekitaldia Gernikatik Mundura taldeak. Udalerrian aztarna utzi duen Munduko Arrozak jaialdia berreskuratzea erabaki zuten joan den urtean, eta ordutik hori prestatzeko lanean ibili dira. Izan ere, taldekideek berriro piztu nahi izan dute “topaketaren, elkarbizitzaren eta herria ezaugarritzen duen aniztasunaren sua”, elkarbizitzaren txinparta.
Munduko Arrozak lehiaketa eta jai herrikoia uztartzen dituen jaialdi parte hartzailea da, non talde bakoitzak kultura tradizio batean oinarritutako arroz plater bat aurkeztu behar duen, ostean jatorri ezberdinetako herritarrez osatutako epaimahaiak onena aukeratzeko. Ondorioz, antolatzaileek eroan beharreko materialari buruzko zenbait gomendio egin dituzte, eta, sua, kazerolak, bonbonak, sukaldeko tresneria, mozteko taula eta labana eroateko deia egin dute.

Gernika-Lumoko Munduko Arrozak jaialdia.Gernikatik Mundura
Ekimenak balio handia ematen dio jai giroan elkartzeari, testuinguru interkultural eta belaunaldiartekoan. Ze, Munduko Arrozak ekimenak era askotako kolektiboak batzen ditu janaria prestatzeko, berba egiteko edota harremanak ehuntzeko. Arroza da abiapuntua —mundu osoan presente dagoen elikagai xumea, mila errezeta desberdinen parte dena—, baina horren bidez istorioak, tradizioak eta jakintzak partekatzean dihardu jaialdiak.

Gernika-Lumoko Munduko Arrozak jaialdia.Gernikatik Mundura
Hori dela eta, dastaketaz eta lehiaketaz gain, jardunaldiak kultur animazioko programa bat ere izango du, lurraldean elkarrekin bizi diren kulturen aberastasunean murgiltzeko aukera emango diena bertaratzen direnei. Besteren artean, Kadira musika taldeak emanaldia eskainiko du, eta ideien jaialdian ere murgilduko dira. Gainera, kumbian parte hartu ahal izango dute bertaratzen direnek, eta txikienentzako txiki txokoa ere egongo dela adierazi dute, baita azoka autogestionatua ere. Hori guztia posible egiteko, baina, arroza baino gehiago behar da: eskuak, ideiak, ilusioa eta konpromisoa. Osagai horiek izanez gero, jaialdira bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek herritarrei.
EGITARAUA.
11:30. Kalejira, Merkurio plazatik Merkatu plazara.
12:10. Kadira musika taldea.
13:00. Ideien festibala.
14:45. Arrozak aurkezteko ordua.
15:00. Bazkari herrikoia.
17:00. Munduko musikak.
18:00. King Jelly kumbia, danon gozamenerako.
Egunean. Txiki txokoa eta azoka autogestionatua ere egongo dira plazan.