Bermeok hartuko du 38. Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna, domeka honetan
Alkartasuna Dantza Taldearen mende erdiko bidea omenduko dute. Busturialdeko zortzi dantza taldetako 250 dantzari gazte inguru elkartuko dira Lameran.
Bermeo izango da aurten Busturialdeko Dantzari Txiki Egunaren topagunea, domekan [ekainak 21]. Eskualdeko dantzari gaztetxoenen egun seinalatuaren 38. aldiak zortzi dantza taldetako 250 lagun inguru elkartuko ditu, kulturaren, tradizioaren eta belaunaldi arteko transmisioaren koordenatuetan.
Honakoak dira parte hartuko duten eskualdeko edota inguruko dantza taldeak: Alkartasuna Dantza Taldea, Itxas Alde (Bakio), Irrintzi Alai (Busturia), Urdaibai (Forua), Elai Alai (Gernika-Lumo), Baso-Txoritxu (Ibarruri), Lorea (Ibarrangelu) eta Artie (Gautegiz Arteaga).
Aurtengoa aldi oso esanguratsua izango da bermeotarrentzat: Alkartasuna Dantza Taldea omenduko dute, 2026an beren 50. urtemuga ospatzen ari baitira. Hori horrela, dantzari gazteei zuzendutako eguna ez ezik, Busturialdeko Dantzari Eguna ere Bermeon egingo dute aurten; azken hori azaroaren 7an iritsiko da. Maiatzaren 17an, gainera, bermeotarrek Bizkaiko Dantzari Eguna ere eduki zuten herrian, “ehunka eta ehunka dantzariren eta ikusleren parte hartzeagaz”.
Identitatearen gordailu.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak “ohore handitzat” du udalerriak Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna hartzea, euskal dantza bermeotarren nortasunaren eta kultur ondarearen “adierazpenik garrantzitsuenetakoa” den heinean: “Oso pozgarria da belaunaldi berriek tradizioari ilusioz eta konpromisoz eusten diotela ikustea; domekan Lameran elkartuko diren ehunka dantzariek erakutsiko dute gure kulturak etorkizun sendoa duela”.
Nadia Nemeh Shomaly: “Oso pozgarria da belaunaldi berriek tradizioari ilusioz eta konpromisoz eusten diotela ikustea”
Parte hartzaileek eskualdeko dantza tradizioaren aberastasuna plazaratuko dute, urte osoan egindako lana praktikara eroanez. Hainbat izango dira herritarrei eskainiko dizkieten dantzak: Dantzari Dantza, umeen jolas dantzak, Txulalai, Sardinerak, Markinako Zaragi Dantzak, Ziekoko dantzak, Txantxoak eta Makil Txikiak, Gorulariak eta Domingillo.
Jardunaldia goi-goitik biribiltze aldera, dantza talde guztietako partaideek bat egingo dute, eta Olagueko Esku Dantza interpretatu. Egitarauari dagokionez, taldeek 11:30ean elkartzeko deia dute, Taraskan. Bertatik, ordu laurden beranduago, kalejira egingo dute Lamera; emanaldia 12:00etan ipiniko dute abian. Bai Bermeoko Udaleko, bai Alkartasuna Dantza Taldeko antolatzaileek eskualdeko herritarrei Bermeora bertaratzeko deialdia luzatu gura diete, euskal kulturaren “adierazpide bizienetako batez” gozatzeko aukera izan dezaten.