Martitzena, udalekuetara izena emateko epemuga
Ekainaren 29tik uztailaren 17ra bitartean egingo dituzte Muxika, Ibarruri eta Gorozikako udalekuak. Hurrengo martitzena [ekainak 23] da izena emateko epemuga. Udalerrian erroldatuek lehentasuna izango dute.
Muxikako Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, aurtengo Muxika, Ibarruri eta Gorozikako udalekuetarako izena emateko epea zabalik dago, eta hurrengo martitzena, hilaren 23a, izango dute epemuga animatu gura dutenek. Aurten, ekainaren 29tik uztailaren 17ra bitartean egingo dituzte udalekuak, Urretxindorra eskolan, eta 4 eta 12 urte bitarteko adina duten umeentzako zuzenduak izango dira.
Aste bitartean egingo dituzte udalekuak, alegia, astelehentik barikura artean. Ordutegia 09:30etik 13:30era artekoa izango den arren, udaletik aurreratu dute zaintza zerbitzua emango dutela hala hasi orduko; hala, haurrak 09:00retan Urretxindorran uzteko eta 14:00etan batzeko aukera egongo da. Ez hori bakarrik: autobus zerbitzua ere eskainiko dutela iragarri dute.
Udalekuak Urretxindorran egiten badira ere, aste bakoitzean bi irteera egiten dituzte; bata herriko auzoetatik, eta bestea udalerritik kanpo. Urtero aldatzen dituzte bisitatuko dituzten auzoak, eta ekintza desberdinak egiten dituzte horietan, dela zaldian ibiltzea, nola apar jai bat egitea. Asteko bigarren irteera, berriz, herritik kanpora egingo dute, eta, gaztetxoenek udalekuetan hiru aste igaroko dituztenez, asteetako batean Laidara joango dira kanoetan ibiltzera, bestean Elorrioko igerilekuetara, eta Mendexako abentura parkera ere bisitatuko dute. Hala, astero hiru egunetan egongo dira eskolan, eta bi egunez eskolaz kanpoko irteerak egingo dituzte.
Izena emateko, Muxikako udaletxera jotzea edota udalaren web orrialdean ipini duten QR kodea baliatzeko eskatu dute. Halaber, argitu dute udalerrian errolduta dauden haurrek “lehentasuna” edukiko dutela. Izena-emateko epea amaitutakoan, hilaren 24an bilera informatiboa egingo dute udal liburutegian.