Irakurle txokoetan izena eman daiteke dagoeneko
Irakurle txoko bi egongo dira: ohikoa eta feminista. Ekainaren 30a izango da izena emateko epemuga.
Bermeoko Udalak, udal liburutegia tarteko, irakurle txoko bi eskaintzen segituko du hurrengo ikasturtean: ohikoa, alde batetik; feminista, bestetik. Interesdunek hilaren 30era bitarteko epea izango dute, izena emateko. Aurten, gainera, izena emateko tokia aldatu egin dute: udal liburutegian bertan edota udalaren egoitza elektronikoaren bitartez izena eman beharko da, inprimaki bat beteta. Irakurle txokoen helburu nagusiak udalerrian irakurzaletasuna bultzatzea, euskaraz sortzen duten nahiz euskarara itzulitako autoreak ezagutzea, irakurle talde “egonkor eta dinamikoa”sortzea eta parte hartzaileen eta dinamizatzailaren arteko “konfiantza giroa” hauspotzea dira.
Toki aldaketa hori ez da berritasun bakarra izango: aurreko urteko parte hartzaileek lehentasuna edukiko dute izena ematerako orduan, baina antolatzaileek aurreikusten dute, behar izanez gero, “ohiko talde bi” sortzeko aukera legokeela; horregaz ere leku arazoak balira, izen emate berrian artean zozketa egingo lukete. Gainontzeko baldintzei dagokienez, matrikulazio epea amaituta leku librerik baldin balitz, bigarren talde batean sartu ahal izateko aukera “zabalik” litzatekeela adierazi dute udaletik.
Irakurketa txoko bakoitzak hamabost herritar hartuko dituela adierazi dute, eta udal liburutegian bilduko direla. Ohiko txokoa hilabetearen hirugarren eguaztenean elkartuko da; feminista, ostera, hilabetearen azken eguenetan. Ohiko bigarren talde bat sortuz gero, hileko azken eguaztenetan bilduko litzateke.
Txoko feministak genero ikuspegitik irakurtzeko espazio batean parte hartzea ahalbidetuko die partaideei: literatuaren alde estetiko edota fikzionaletik harago, generok obretan duen “presentzia eta horren inguruko diskurtsoak” aztertuko dituzte. Denetariko langaiak jorratuko dituztela iragarri dute: “Amatasuna, genero indarketia, maskulinitate eta feminitate ereduen eraikuntza, eredu ez bitarrak, espazio publiko zein pribatuen arteko hartu-emana, gorputzak literaturan daukan presentzia, agency edo egiletasuna, prostituzioa eta abar luze bat”.
2011. urteaz geroztik abaiada betean dagoen ohiko irakurle txokoan, aldiz, literaturan interesa duten herritarak bilduko dira hilero-hilero, irakurritako liburuen inguruan berba egiteko. Txoko biak ala biak Nagore Fernandez Zabala bermeotar ikertzaile eta literatu kritikariak gidatuko zein dinamizatuko ditu.
Partaideentzako baldintzak.
Doako saioak izango direla urreratu dute, baina baita parte hartzaileek zeinbat baldintza bete beharko dituztela ere. Batetik, nahitaezkoa izango da parte hartzaileak Bermeon erroldatuta egotea, udal liburutegiko bazkide izatea eta udalagaz inongo “zorrik” ez izatea. Halaber, saio bitan justifikaziorik gabe huts egiteak txokotik kanpo geratzea suposatuko lukeela adierazi dute, eta udal liburutegitik liburuak “garaiz jasotzea eta bueltatzea” derrigorrezkoa izango dela ere bai.