Santanapen 272 eguzki plaka jartzeko lanak egiten ari dira
Jardunari esker, kiroldegiko energia-kontsumoa %25 inguru murriztea aurreikusi dute udal ordezkariek. Energia berriztagarrietarako trantsizio-estrategia indartzea bilatu gura dute lanokin.
Santanape kiroldegiko teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzeko lanak martxan daude. Jarduera horrekin, Gernika-Lumoko Udalak udalerrian jarduera gehien duen kirol instalazioetako baten energia kontsumoa murriztu nahi du.
Esku-hartzearen arabera, 272 eguzki-plakajarriko dituzte 650 metro karratuko azaleran, gutxi gorabehera. Behin amaituta, instalazioak 122 kilowatt (kWp) puntako potentzia lortuko du, “kirol gunearen energia eskariaren zati handi bat estaltzeko nahikoa”, udal ordezkarien berbetan.
Izan ere, beraien kalkuluen arabera, azpiegitura berriak kiroldegiaren urteko energia kontsumoa % 25 inguru murriztea ahalbidetuko du. “Aurrezteak eragin zuzena izango du Kiroletako Udal Patronatuak kudeatzen duen zerbitzuaren funtzionamendu-kostuetan, eta, aldi berean, kontsumo elektrikoari lotutako emisioak murrizten lagunduko du”, esan dute ordezkariek.
Jarduketa egiteko, baina, 159.090,52 euroko aurrekontua du udalak, eta eraikin publikoetan energia berriztagarriak bultzatzeko udal-estrategiaren barruan kokatu du proiektua: “Helburua energia eredu eraginkorrago baterantz aurrera egitea da, iturri konbentzionalekiko mendekotasuna murriztuz eta udal instalazioen errendimendua hobetuz”.
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok adierazi duenez, proiektua “beste urrats bat” da udalak “iraunkortasunarekin eta efizientzia energetikoarekin duen konpromisoan”, eta gehitu du garrantzitsua dela ekipamendu publikoetan energia berriztagarriak sartzea, kostuak murrizteko eta ingurumena gehiago errespetatzen duen udalerri baterantz aurrera egiteko.
Obrek hiru hilabete inguru iraungo dute, baina ez dute eraginik izango kiroldegiaren ohiko funtzionamenduan; kirol-jarduera eta instalazioak ematen dituen zerbitzuak normaltasunez garatuko dira lanak egiten diren bitartean.