Sanantonioak, ohituraren koordenatuetan
Ospakizun eguna izan zen iragan zapatua [ekainak 13] bai busturiarrentzat, bai errigoitiarrentzat. San Antonio egunez, udalerri biotan biltzeko deialdiari ederto erantzun zioten. Errigoitiko Ikuilu Elkartean, urteroko herri bazkaritarako bildu ziren, 14:30ean, Ekimen Taldeak antolatuta. Mahaigainekoa musikaz girotu zuten.
Abiñan, udalak egun osorako ospakizun egitaraua atondu zuen, 11:00etan hasita eta ohituraren koordenatuetan mugituz. Txistu doinuz jantzitako kalejirak ipini zuen abian San Antonio eguna, mezarako tarte orduko. Ondoren, Etxebarria trikitilariek girotuta, urteroko-urteroko sardina janaldi herrikoian bildu ziren bertaratutakoak; horixe izan ohi da Abiñako sanantonioen ikur nagusia. Euro bakarra ordainduta, unean kozinatutako bost sardina dastatzeko aukera eduki zuten.

Arratsaldeko egitarauari dagokionez, kantu kantari saioaz gozatu zuten lehenik, iluntzeko pintxopotea abiatu orduko. Joxe Mendizabalek gidatutako erromeria emanaldiagaz biribildu zituzten hala gaualdia, nola San Antonio eguneko ospakizunak.