"Ezin da onartu herri bat bere herritarrentzat bizigarria ez izatea"
Bermeoko Ernaik "etxebizitza eskubidearen alde eta turismoaren negozioaren kontrako" manifestazioa deitu du barikuan [ekainak 19], 'Bermion bizi gudu' lelopean. 19:00etan ipini dute hitzordua, Goiko Plazan.
Argazkia: Bermeoko Ernai Bermeoko Ernaik udalerrian “gero eta larriagoa” etxebizitzaren egoera salatzeko manifestazioa deitu du barikuan [ekainak 19]. Bermion bizi gudu lelopean, “etxebizitza eskubidearen alde eta turismoaren negozioaren kontra” mobilizatuko dira; 19:00etan dute ipinita hitzordua, Goiko Plazan.
Zapatuan [ekainak 13] egindako agerraldian gazte belaunaldiak etxebizitzarako sarbidea “gero eta urrunago” duela salatu zuten Ernaikoek, horrek Bermeon geratu eta beraien bizi proiektua herrian eraikitzea oztopatzen diela nabarmenduz: “Gure bizi proiektua hemen garatzea amets bihurtzen ari da, eta amets hori ez da kasualitatea; egiturazko erabaki politiko eta ekonomikoen ondorio zuzena da”.
Bermeon 310 etxebizitza turistiko daudela eta horrek herritarrentzako etxebizitza eskaintza “zuzenean murrizten” duela ere mahaigaineratu zuten, etxebizitza “bizitzeko espazio izatetk negozio bihurtu” dela salatuz: “Horren ondorioak garbiak dira: prezioen igoera, alokairu eskasia eta emantzipatzeko ezintasuna“.
Etxebizitza eskuratzeko beste oztopo bat gazteen artean “nagusi den prekarietatea” dela ere nabarmendu zuten, lan merkatuko “eskurik merkeena” direla salatzeagaz batera: “Gure soldatak ez dira 1.500 eurora heltzen, eta zer esanik ez, gazteon artean behin-behineko kontratuak edo kontratu ezegonkorrak direla nagusi”. Egoera horretan, udalerrian bizi proiektu egonkorra garatzea “ezinezkoa” bihurtu zaiela aldarrikatu zuten.
Ernaikoen ustez, etxebizitza eta lan prekarietatea ez dira modu isolatuan ulertu behar, “elkar elikatzen” baitute; soldatak “ez dira nahikoa” etxebizitzen egungo prezioei aurre egiteko: “Prezioak ez dira gure errealitatera egokitzen; beraz, herrian geratzea gero eta pertsona gutxiagoren esku dago”, salatu zuten.
Manifestazioa Bermeoko Ernaik deitu badu ere, deitzaileek argi dute etxebizitzarena ez dela Bermeoko arazoa bakarrik, “Euskal Herri osora zabalduta dagoen errealitatea” baizik: “Gazteok prekarietatera eta emantzipatzeko ezintasunera kondenatuta gaude”.
Ez daude baina, errealitate hori normalitzatzko prest, eta manifestaziora batzeko deia luzatu diete herritarrei: “Egoera hau ezin da normalizatu. Ezin da onartu herri bat bere herritarrentzat bizigarria ez izatea. Horregatik, Bermeoko kaleak hartuko ditugu, etxebizitza eskubidearen alde eta turismoaren negoziaren kontra”,