Aixerrotapeko zuzendaritza berriaren lehen Oiz Erronka: "Positiboa eta pozgarria"
Eskualdea maillot berdez jantzi zen zapatuan [ekainak 13], Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista tarteko. Ia 1.000 laguneko parte hartzeagaz, Aixerrotape Zikloturista Elkartearen zuzendaritza talde berriak martxaren XVI. aldiaren balorazioa egin du.
Ez dago hasiera samurrik, hastapenek arazo erantsiak eta aldaketa ugari baitakartzate sarri. Aixerrotape Zikloturista Elkarteak zuzendaritza talde berritua eta gaztetua du, eta hura arduratu da aurtengo Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista atontzeaz. Zapatuan [ekainak 13], Busturialde zein Lea-Artibaiko errepideak txirrinduzaleen topagune izan ziren, martxaren XVI. ekitaldia zela eta. San Juan kaleko irteera eremua maillot berdez lepo agertu zen goizean goiztik. Aurten, 826 txirrindulari izan dira parte hartu dutenak.
Horietako 261ek 164 kilometroko ibilbide luzea hautatu dute; 128ko ertaina, berriz, jendetsuena izan da, 360 lagunekoa; 72 kilometroko laburrak 205 zikloturista erakarri ditu. Oiz tontorra harrapatu zutenak, ostera, 42 izan dira aurtengoan. Aixerrotape Zikloturista Taldeko ordezkari eta antolatzaileek “balorazio oso positiboa” egin dute, batez ere, elkarteak zuzendaritza taldez aldatu duela ikusita: “Urte luzez Aixerrotapeko zuzendaritza osatu duten partaide eskarmentudunek gazteoi lekukoa pasatu digute; hortaz, Oiz Erronka antolatu dugun lehen aldia izan da, horrek beregain dituen traba guztiekin”.
“Zuzendaritza talde berriak, antolatzaile gisa egin duen bere estreinaldian, ia 1.000 lagun bildu izana pozgarria da”
Istripuak izan dira, tamalez, XVI. aldiaren protagonistetako batzuk: “Eroriko nahikoa egon zen egunean zehar, eta baten bat gogor samarra, gainera; istripuen kausak aztertzen ari gara, hurrengo urteari begira dagozkion neurriak hartu ahal izateko”. Parte hartzaileen kopuruak azken urteagaz alderatuta apur bat behera egin izana “normaltzat” dute aixerrotapetarrek: “Koronabirusaren osteko loraldiaren ondoren, martxa gehientsuenen parte hartzea pixka bat apaldu da aurten, baina zuzendaritza talde berriak, antolatzaile gisa egin duen bere estreinaldian, ia 1.000 lagun bildu izana pozgarria da”.

Jatorriari ere erreparatu gura diote, “oso-oso anitza” baita parte hartu duten ziklisten argazkia: “Eskualdekoak etortzen dira, baina Euskal Herriaren nahiz Espainiaren luze-zabalekoak ere. Oiz Erronka zikloturista martxen ekosisteman bere tokia topatzen ari da apurka-apurka”. Aurtengo omendu Roberto Laiseka txirrindulari ohi gernika-lumotarraren bizipenak ere egunean bertan jaso zituzten: “Laiseka oso pozarren eta eskertuta dago; ibilbide luzea egin zuen, Oizera igo barik, eta oso pozik helmugaratu zen. Hainbat eta hainbat tokitatik jasotzen ditu omenaldi proposamenak eta, horrenbestez, geure gonbitagatik hain eskertuta ikustea pozgarria da antolatzaileontzat”.
“Bizikletaren Astea berreskuratu eta indartu gura dugu, baita Lumoko Kronoigoera sendotu ere”
Datozen hitzorduak.
XVII. ekitaldia “oraindik oso urrun” dagoen arren, Aixerrotapeko zuzendaritza berritua jadanik “segurtasuna hobetzeko, berritasunak txertatzeko eta proposamena bere horretan are gehiago hobetzeko” neurriak pentsatzen ari da dagoeneko. Bien bitartean, beraien hurrengo erronka irailaren bueltan ailegatuko zaie: “Bizikletaren Astea berreskuratu eta indartu gura dugu, baita Lumoko Kronoigoera sendotu ere; horiek biak udaren ondoren iritsiko zaizkigu”.