Artea, zientzia, natura eta dibertsioa, klima aldaketaz kontzientziatzeko
Zapatuan [ekainak 20] irekiko ditu ateak BBK Klima Abentura parkeak, bosgarren udaz jarraian hezkuntza klimatikoa bultzatzeko helburuagaz. Ekainetik urrira bitartean bisitatu ahal izango da.
Artea, zientzia, natura eta dibertsioa uztartuko ditu BBK Klima Abentura parkeak bere bosgarren denboraldian. Unai Rementeria BBK-ko presidenteak eta Ainhoa Elortegi Ingurumen Saileko arduradunek aurkeztu dute gaur [ekainak 15] edizio berria, udarako aurreikusita dituzten esperientzia, instalazio eta programazioaren berri emanez. Busturiko hezkuntza klimatikoa bultzatzeko parke esperientzialak zapatuan [ekainak 20] irekiko ditu bere ateak, instalazio berriekin.
Rementeriak parkearen kokapenean ipini du fokua, duela 101 urte BBK sortu zituen kolonien instalazioetan baitago parkea: “Leku oso berezian dago, BBK-ko kolonietan: bere momentuan beharrizan batzuei aurre egin beharra zegoela ikusi zen, eta malnutrizio egoeran zeuden 80 ume hartu ziren. Kutxak gizartearen beharrizanei aurre egin, eta soluzioak aurkeztu zituen. BBK Abentura Parkea berdina da, baina modernoagoa; gure helburua umeek kontzientzia klimatikoa izatea da, klima aldaketarako borrokaren kontzientzia hartzea, eta hori da parkean landu nahi duguna”. Kontzientzia piztea “modu polit batean” egin nahi dute, jolasa eta aisialdia oinarri izanik.
Bosgarren denboraldia “berezia” izango dela iragarri du Elortegik, familien “eguneroko ohiturak aldatzen” laguntzeaz gain, aldaketa horiek “kliman duten eragina” azalduko baitie familiei. Jasangarritasuna “adin guztietara hurbiltzeko” helburuagaz jardungo dute, eta horretarako, parkean zehar 17 instalazio prestatu dituzte. Aurten, gainera, Diwoak —Klima Abenturako izaki magikoak—ahultzen dituen mehatxuan jarri nahi dute arreta, hau da, eguneroko erabaki “inkontzienteek” sortutako ingurumen-aztarnan. Horregatik, abenturari hasiera emateko, eskaner batzuen bidez bisitari bakoitzak “planetaren gainean duen eragina” ezagutuko du; emaitzaren arabera, lau ibilbideetako bat aukeratuko dute—ura, energia, elikadura edo moda— eta, bidea zehaztuta, Lurrari “oreka itzultzeko erronkak” gainditu beharko dituzte. Ingurumen-aztarnaren eskanerraren emaitza ibilbideekin lotzeko, parkeko pasaportea izango dute iparrorratz.
Ibilbidea.
Geldialdi bakoitzak gainditu beharreko erronka bat proposatuko die bisitariei: Nor da nor? formatu handiko instalazioak, adibidez, ingurumenaren alde lan egiten duten tokiko zein nazioarteko erreferenteak aurkitzera emango ditu eta Negutegi puzgarriak, ostera, negutegietan aurki daitezkeen produktuak ezagutu eta “elikadura iraunkorrarekin lotutako erronka txikiak” betetzera animatuko ditu.
Mugimendua, dibertsioa eta ingurumen kontzientzia uztartuta dator Giza eta bota; bertan, Zorb Balls handiekin, ibilbideari loturako “hondakin sinbolikoak” bota beharko dituzte familiek. Horrez gain, jolas ezagunak klimagaz lotu gura izan dituzte aurten, eta horregatik, Angry Birds unibertsoan inspiratutako Ohituren tiragoma jolasa sortu dute, “ohitura txarren inpaktua bistaratzeko modu zuzen eta dibertigarria” dena. Flota hondoretzeko jolasa ere moldatu dute, Zaborren irla izenpean “hondakinen arazoa elkarlaneko formatu irisgarri batera eramaten duena”. Diwoak protagonista dituen Memo XL memoria jokoak, berriz, behaketa, buru-arintasuna eta ikaskuntza uztartuko ditu eta Twisteren instalazio handiak, oreka, koordinazioa eta ingurumenarekiko kontzientzia.

Koloretako pilotaz beteriko urmaelean Pilota arrantzan ibiliko dira umeak, “misio kolektiboa” bete nahian. Kolore bakoitza hondakin mota bati lotuta egongo da, eta talde bakoitzak “ura bere egoera naturalera itzultzeko” lan egin beharko du.
Klima Aterpen jarraituko du abenturak, 360 graduko Domoko proiekzio inguratzaile, haize-efektu, zoru haptiko eta usain hedatzaileari esker biziko duten “bidaia sentsorialagaz”. Esperientzia hori Jose Mari Lazkanoren Natura Fugit erakusketagaz lotuta egongo da, “eraldaketa esperientzia bati amaiera” ematea ahalbidetuko duena: “Dokumentalaren proiekzioa eta 23 piezako hautaketa uztartzen dira, eta paisaiaren eraldaketari eta klima aldaketaren ondorioei buruz hausnartzen dute”, azaldu dute.
Horrez gain, bisitariek pantaila interaktiboan jolastu eta “Bizkaia deskarbonizatzeko aukera” izango dute, Jaurtiketa digitalari esker. Itsaspeko marrazkiak instalazioarekin, itsas animaliak koloreztatu eta beraien sorkuntzak pantaila interaktibo batean nola ikusten diren ezagutzeko aukera eskainiko die.
Rementeriak parkera bertaratzeko deia luzatu die familiei: “Bizkaiko zein Bizkaiaz haragoko familiak etor daitezela, benetan ondo pasatuko dute; seme-alabekin etortzera animatzen ditugu, elkarrekin klima aldaketaren inguruko kontzientzia landu dezagun”.
Ekainetik urrira.
Zapatuan hasi eta urrira bitartean abentura parkeaz gozatu ahalko dute bisitariek. Ekainean zapatu eta domeketan egongo da zabalik, 11:00etatik 19:30era arteko ordutegian; uztailean eta abuztuan, berriz, eguaztenetik domekara bisititatu ahalko da; uztaileko astegunetan, 10:00etatik 18:30era eta asteburuetan, 11:00etatik 19:30era. Abuztua parkeak “jende gehien biltzen” duen hilabetea izanik, 11:00etatik 19:30era irekiko dute parkea. Irailean —11:00etatik 19:30era— eta urrian —10:30etik 19:00etara— asteburuetako ordutegia izango du Abentura Parkeak. Gainera, abuztuan igerilekua ere martxan jarriko dituzte, 10:30etik 14:30era eta 15:30etik 19:30era arteko ordutegian.

Abentura Parkeak “jasangarritasuna, sormena eta lurraldea lotzen” dituen programazioa ere hartuko du ekainetik urrira bitartean. Udako Zaporeak ekimenak zabalduko du denboraldia domekan [ekainak 21], denboraldiko dastatzeak eta show cooking bat uztartzen dituen jardunaldi gastronomikoagaz. Bestetik, uztailaren 3an [barikua] mindful kata eta herriko garagardo artisaua eta musika uztartuko dituen jardunaldian batuko dira.
Musikak ere bere lekua izango du parkean, Klima Zuzenean ekitaldiekin; aurten Maren (uztailak 4), Montana (uztailak 17) eta Addar (abuztuak 2) izango dira oholtzara igoko direnak, “ordutegi berezian eta hurbileko formatuarekin”.
Klima Zinema ere ez da faltako: Ice Age eta Robots filmak ikusi ahalko dira, uztailaren 19 eta abuztuaren 9an, hurrenez hurren. Bi emanaldiak euskaraz izango dira.