Enplegua sustatzeko eta etxebizitza lortzeko proposamenak aurkeztu ditu
Babes publikoko 206 etxebizitza eraikitzeko proposamena aurkeztu du Gernika-Lumoko udal gobernuak, baita industriagunean jarduera ekonomikoa sustatzeko ekoberrikuntzako eta bioekonomiako parke handi bat sortzea ere.
Gernika-Lumon lan egiteko eta bizitzeko proposamenak aurkeztu ditu udal gobernu taldeak. Beraien apustua “gazteek beraien etorkizuna udalerrian eraikitzeko aukera izatea” dela azpimarratu dute, eta hori bultzatzeko hiru ildo estrategiko nagusitan oinarritzen den proposamena aurkeztu dute gaur (ekainak 12), lurraldearen erronka nagusiei aurre egiteko: Gernika-Lumoko industriagunean jarduera ekonomikoa sustatzea, horrek lana sor dezan; 2008an Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak idatzitako aurreproiektua martxan jartzea Lanbide Heziketako beste zentro bat martxan jartzeko Gernika-Lumon; eta, etxebizitzaren eskaintzaren gabeziari aurre egitea, batez ere gazteei dagokienez.
“Busturialdea-Urdaibain neurriak hartu behar dira, belaunaldi erreleboa mantentzeko. Izan ere, biztanle kopurua beherantz doa, eta bertan dagoena gero eta zaharragoa da”, adierazi du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. Zehaztu duenez, Bizkaian %23 dira 65 urtetik gorako biztanleak, baina udalerrian eta eskualdean, orohar, %25,5etik gorakoa da zenbatekoa. “Eta hor gertatzen da gure gazteak kanpora doazelako aukera berriak topatzera. Euren bizitza beste leku batean egiten dute, aukera falta dagoelako. Egoera horri buelta eman behar zaio eta guk hainbat proposamen ditugu horretarako”, esan dute.
Hala, lana sortzean, etxebizitza aukeretan eta formakuntzan oinarritutako hainbat proiektu eta proposamen aurkeztu dituzte. Horietako batzuk martxan jarri dituzte dagoeneko, eta beste batzuk martxan jartzearen garrantzia azpimarratu dute.
Etxebizitzei dagokienez, onartu dute gaur egungo “arazo handienetako” bat dela etxebizitza eskuratzearena, bereziki gazteentzat. “Eskaintza eskuragarriaren eskasia dago, eta etxebizitzen prezioak gora egin du. Ondorioz, talde hau lanean ari da babes publikoko 206 etxebizitza eraikitzeko udalerrian”, jakinarazi dute. Esan dutenez, horien %25 erostekoa izatea gura dute, eta %75 alokairu eskuragarriko erregimenean jartzea.
Eta, etxebizitza horiek aurrera eroateko bi fase desberdindu dituzte: bata, 80 etxebizitzakoa, eta bestea, 126koa.
Lehenengo fasean 80 etxebizitza eraikitzea bilatu gura dute, eta horiek hiru multzotan banatu dituzte: sei etxebizitza sozialeko multzoa; Santa Luzian egin gura dituzten bi blokeko 58 etxebizitzarena; eta babes publikoko erosteko 16 etxebizitzena.
Sei etxebizitza sozialak dagoeneko eraikita egon dira, baina eraberritzea eskatzen zuten eta hala egin dute. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, horiek gehienez 200 euroko alokairua izango dutela hileko, eta datorren hilabetetik aurrera izena eman ahalko dutela herritarrek. “Bizitzen joateko moduan daude, baina etxebizitza sozialak direnez, izena-eman behar da. Laster abiatuko da prozesua, eta gero teknikoek baloratuko dute nori dagokion hor bizitzea”, azaldu dute.

Santa Luzian egin gura dituzten 58 etxebizitzei buruz, udalak aurreproiektua prestatu duela jakinarazi dute, eta hori Eusko Jaurlaritzara igorri dutela; orain, hitzarmena sinatzeko zain daudela azaldu dute. Aurreproiektuak Lapurdi kalean bi eraikin egitea aurreikusten du, 29 etxebizitzakoa bakoitza. Eraikin bateko 29 etxebizitzak babes publikoko alokairukoak izango dira, eta beste eraikinekoak, berriz, zuzkidura-bizitokikoak; alegia, aldi baterako aloikairukoak, gehienez ere 5 urteko epean erabiltzekoak, eta hilean 180 eta 300 euro bitarteko alokairua izango dutenak, diru sarreren arabera.
Bestalde, erosteko aukera izango duten babes publikoko 16 etxebizitzei dagokienez, udalak esan du lursaila kudeatuta dagoela, eta enpresen zain daudela horiek eraikitzen hasteko; ez dute zehaztu non.
Bigarren faseari dagokionez —126 babes publikoko etxebizitzen fasea—, udaleko teknikariak lekuak aztertzen ari direla jakinarazi dute.
Lana sustatzea.
Udal gobernuak bultzatu gura duen bigarren oinarria lanarena da. “Hemen bizitzen jarraitu nahi dutenentzat aukerak sortu behar ditugu, gazteek beren bizi proiektua eskualdean garatu ahal izan dezaten”, esan du Gorroñok. Eta, zehaztu du Gernikako La Vega industriagunean, industria sailkapena duten 15 hektarea daudela (150.000 metro karratu) erabilgarri. Udalak, 15.000 metro karratu ditu, eta aldundiak, aldiz, 19.000 metro karratu, Daliako lurrak barne. “Beraz, 35.000 metro karratu esku publikoetan daude”, gehitu du alkateak. Eta, gaineratu du, azterlan batek baieztatzen duela hektarea bakoitzeko (10.000 metro karratu) 100 lanpostu zuzen sor daitezkeela: “Beraz, 15 hektareatan, 1.500 lanpostu zuzen sortuko liratezke, eta zeharkako lanak gehituz gero, 2.000 lanpostu baino gehiago zenbatuko genituzke. Horrek eskualde osoa aberastuko luke, eta belaunaldi erreleboa gauzatuko litzateke”.
Proiektu hori bultzatu gura du udal gobernuak, eta horretarako inbertsioak egitea eskatu du, aldundia Guggenheim berrira bideratzekoa zen diru sailagaz proiektu hori aurrera eroan daitekeela esanda: “Gure proposamena argia da: ekoberrikuntzako eta bioekonomiako parke handi bat sortzea, industria berdean, ekonomia zirkularrean eta trantsizio ekologikoan oinarritutakoa. Horrek enplegu egonkor eta kualifikatua sortzea eragingo luke, eskualdeko garapen eredu berri bat sendotuz. Apustu hori bere garaian Guggenheim proiektura bideratutako baliabideekin finantza liteke”.
Eta, formakuntzari erreferentzia eginda, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2008an udalerrian Lanbide Heziketako zentro bat egiteko garatutako aurreproiektua berreskuratzeko eta hori martxan jartzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari. “Gernika-Lumoko Udalak Astra arma fabrikaren lurrak erosi zituen 2008an, 4,5 milioi euro inbertituz, Lanbide Heziketako zentro bat eraikitzeko bertan. Izan ere, urte horretan Eusko Jaurlaritzak horretarako aurreproiektu bat idatzi zuen. Zentro horretan biosferaren erreserbari lotutako diziplinak eman ahal izatea da gure proposamena, hondakinen tratamenduari, uraren zikloari, ingurumen bioteknologiari, ikerketa klimatikoari, ekoberrikuntzari eta abarri buruzko titulazioetan trebatzeko gazteak. Horrek aberastasuna ekarriko dio bai udalerriari, bai inguruari”, argudiatu du Gorroñok.