Autobus geltokiko komunak berritzen ari dira, erabiltzaileentzako zerbitzua hobetzeko
Lanek espazioaren erabateko berrantolaketa gauzatuko dute: hiru komun-kabina unisex izango ditu eta aniztasun funtzionalerako egokitutako kabina bat ere bai. Obra egiteko udalak 78.400 euroko aurrekontua prestatu du.
Gernika-Lumoko Udalak martxan ditu autobus geltokiko komun publikoak osorik berritzeko lanak. Jarduketa horri esker, auzotarrek eta bisitariek “asko” erabiltzen dituzten instalazioak modernizatu egingo dituztela esan dute udal ordezkariek, horien funtzionaltasuna hobetuko dutela gehituta.
Lanek espazioaren erabateko berrantolaketa gauzatuko dute: hiru komun-kabina unisex izango ditu eta aniztasun funtzionalerako egokitutako kabina bat ere bai. Esku-hartzeak instalazio horiek egungo erosotasun-estandarretara egokitzeko beharrari erantzuten dio, komunak ez baitziren irisgarriak. Hala, orain, instalazio “erosoagoak, irisgarriagoak eta egungo beharretara egokitutakoak” eskaini ahal izango dituztela esan dute udal ordezkariek.
Gainera, zehaztu dute proiektuak KZ guneko espazioari lotutako komun independentea gaitzea ere aurreikusten duela, ekipamendu horren erabiltzaileen beharrei erantzungo diena.
Obrak 41 metro karratuko azalera duen gunea hobetzea du helburu, eta, horretarako udalak 78.400 euroko aurrekontua prestatu du.
Udalaren ustez, eraberritzearen eragina “nabarmen”a izango da geltokiko erabiltzaileen egunerokoan. Izan ere, Jose Mari Gorroño udalerriko alkatearen berbetan, azpiegitura txikiak ere “garrantzitsuak” dira herritarren bizi kalitatea hobetzeko: “Geltokiko komunak egunero pertsona askok erabiltzen dituzten oinarrizko zerbitzuak dira, eta berritze honi esker egungo beharretara egokitutako instalazioak eskaini ahalko ditugu”.