Open Day, kirola gizarte eraldaketarako tresna bezala indartzeko
Kirol egokituari ikusgarritasuna emateko eguna antolatzen du urtero Maierrek: Open Day. Aurreko urteetan saskibaloiagaz izandako esperientzi onaren ostean, beste pauso bat emango dute aurten: errugbi inklusiboan murgilduko dira zapatuan (ekainak 13). Egun osoko jardunaldi inklusiboa antolatu dute, denetariko ekintzekin.
Gizarte inklusiboago baten aldeko konpromisoa berresteko, eta kirola gizarte eraldaketarako eta kohesiorako tresna baliagarria dela sinetsita, Maierrek Open Day eguna prestatu du. Oraingo honetan, baina, ez da saskibaloiaren Open Daya izango, saskibaloiagaz izandako arrakastaren ondoren, pauso berri bat ematea erabaki dute, eta oraingoan beste kirol batekin probatzea: errugbiagaz. Hala, zapaturako (ekainak 13) egun osoko jardunaldi inklusiboa antolatu dute, denetariko ekintzekin.
Open Dayak hiru ardatz izango ditu: hezkuntza, inklusioa eta kirola. “Open Day hau bat dator kooperatibaren gizarte eraldaketaren ildo estrategikoagaz. Kirol ekitaldia bera baino harago, ekimenak ikuspegi hezitzaile bat ere badu, aurreko egunetan ekitaldian parte hartuko duten pertsonek beraien bizipenak partekatuko baitituzte Gernikako ikastetxe ezberdinetan”, azaldu dute Maierreko kideek. Horren bidez, kirol inklusiboaren errealitatea ikasleen artean zabaltzea eta sentsibilizazioa sustatzea bilatu gura dute.
Egunean bertan, baina, Urbieta izango dute topagune Busturialdeko herritarrek, ikusgarritasun eta sentsibilizazio gune berriak eskaintzen segitzeko. Izan ere, errugbi inklusiboko partiduak lehiatuko dituzte Getxo Rugby Taldeko, Universitario Rugby Clubeko eta Durango Rugby Taldeko kideek, 10:30ean hasi eta 12:20ra bitartean. Aurretik, baina, elkarrekin berotuko dute talde guztiek, baita Gernikako Fenomenoak taldeko kideek ere. Eta, partidek iraun bitartean, aldi berean, Fenomenoek ere kirol hori ezagutzeko aukera izango dute, joko tailerren bidez.
Partidak amaitutakoan, Gernikako Batzarretxera joango dira, lurralde ondare historiko eta kulturala balioan jartzeko. “Maierrek bereziki eskertu nahi die bisita gidatuko duten pertsonei beraiek erakutsitako prestutasuna eta lankidetza”, gehitu dute Maierreko ordezkariek, esker onez.
Jardunaldia, aldiz, bazkari batekin biribilduko dute, parte hartzaileen arteko elkarbizitza sustatzen segitzeko. Gainera, giroa alaitzeko Dj baten laguntza izango dute.
Maierrek jardunaldia antolatzen lagundu dieten erakunde, talde eta intituzioei esker ona agertu die: “Maierrek bere esker ona adierazi nahi die parte hartuko duten klubei ekimen honen parte izateko erakutsitako interesagatik, baita Gernika Rugby Taldeari emandako babesagatik ere. Era berean, kooperatibak eskerrak eman nahi dizkie Gernika-Lumoko Udalari eta Kirol Patronatuari, jarduera hau antolatzeko emandako laguntzagatik”.