Euskal Herria Kubarekin elkartasun jaialdia hartuko du Astrak
Kubak eta kubatarrek jasaten dituzten mozketa elektriko larrien aurrean eguzki plaka jartzeko dirua biltzea du helburu barikuan (ekainak 12) Astran egingo duten jaialdiak. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Kubako herriari laguntzeko Euskal Herria Kubarekin elkartasun jaialdia hartuko du barikuan (ekainak 12), Gernika-Lumoko Astrak. Izan ere, Amerikako Estatu Batuen blokeo ekonomikoaren eta zigorrek areagotutako krisi energetikoaren ondorioz uharteak jasaten dituen mozketa elektriko larrien aurrean eguzki plaka jartzeko dirua biltzea dute helburu.
Ekitaldiak denetarik izango du, Kubako zaporea, erritmoa, baina baita hausnarketa politikoa ere. Izan ere, Kuba: erresistentzia egoera eta elkartasuna izenburupean Euskadi-Cuba elkarteko hiru kide ariko dira solasaldian, 18:30etik aurrera: Endika Guarrotxena, Miguel Angel Diaz eta Tony Merlan.
Ondoren, 20:00etan, Kubako saltsaren oinarrizko tailer bat eskainiko dute, eta, ordubete berandugo hasiko da elkartasun jaialdia. 21:30ean, berriz, Havana 537 talde kubatarrak kontzertua eskainiko du.
Jakinarazi dute mojitoak eta Kubako janaria dastatzeko aukera ez dela faltako jaialdian, eta zozketa bereziren bat ere egingo dutela; Caserio tabernan bi pertsonentzako menu kubatarra zozketatuko dute.
Jaialdia Jarri elkartasuna dantzan lelopean egingo dute barikuan, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete, kultura, musika eta konpromiso politikoa uztartzen dituelako jaialdiak, betiere uhartean dauden proiektu energetikoei laguntzeko asmoz.