Euskadiko Txapelketa eskualdeko boxeolarien artean erabakiko da
Jai Alai pilotalekuak elite eta neoprofesional mailetako boxeo gaualdia hartuko du zapatuan [ekainak 13]. Egitarauko borrokaldi nagusiak Jon Ander Erreape gernika-lumotarra eta Aner Alvarez bermeotarra elkartuko ditu; 65 kiloz azpiko Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute.
Argazkia: Royal Boxing. Jai Alai pilotalekuko kantxa boxeo ring bihurtuko da egun batez: zapatu honetan [ekainak 13], 18:30ean hasita, goi mailako borrokez gozatzeko aukera egongo da. Lau borroka neoprofesionalez gozatzeko aukera egongo da, baita elite mailako beste zortziz ere. Lehia neoprofesionalak, gainera, Euskadiko Txapelketa eta Warriors Torneoa ere hartuko ditu.
Busturialdeko boxeolarien arteko lehia izango da boxeo menuaren plater nagusia. Profesional mailara jauzia egiteko bidean den Jon Ander Erreape gernika-lumotarrak Aner Alvarez bermeotarraren kontra borroka egingo du. Biek ala biek “aspalditik” dute elkarren berri, gernika-lumotarrak azaldu duenez. Izan ere, Alvarez neoprofesional mailako egungo Euskadiko txapelduna da 65 kiloz azpiko kategorian. Ez hori bakarrik: Bizkaiko Opena, Euskadiko zein Bizkaiko Amateur Txapelketa irabazitakoa eta Espainiako txapeldunorde izandakoa da.
Jon Ander Erreape: “Zenbat eta borroka luzeagoa izan, orduan eta hobeto niretzat”
Erreapek ere birritan irabazia du Euskadiko Txapelketa 70 kiloz azpiko kategorian, eta hirutan irabazi izan du Basque Warriors gerrikoa, Nazioarteko Txapelketan txapeldunorde izateaz gain. Horrenbestez, lehia “oso estua” aurreikusita dago: “Alvarezek 30 borrokatik gorako ibilbidea du, aldeko batez bestekoagaz. Planteamendu oldarkorra eduki beharko dut, Alvarezen kontraerasoak eta abiadura kontrolpean edukitzeko. Lehen round-etik, lan eta lan egin beharko dut: zenbat eta borroka luzeagoa izan, orduan eta hobeto niretzat”.

Jon Ander Erreape gernika-lumotarra.
Neoprofesional mailako gainontzeko borrokei dagokienez, maila horretan debuta egingo duen Ilham Faraona Boukhris Ariadna Becerro galiziarraren kontra ariko da 63 kilotik azpikoan, Warrios Torneoa lortzeko lehian. Becerrok iragan astean Boxing Talents gerrikoa irabazi zuen, baina Bouhrisek Bizkaiko Txapelketa irabazia du, eta Euskadiko txapeldunorde izandakoa da. Biek maila horretan debuta egingo dute, “lehia estu eta zirraragarrian”, antolatzaileen berbetan.
Asier Sanvicentek Ander Sanchez izango du aurrez aurre, 61 kilotik beherako borrokan. Sanvicentek hirugarrenez lehiatuko du Jai Alain, eta Sanchez Bizkaiko txapeldunaren kontra neurtuko ditu indarrak. Jarraian, Aritza Brazo eta Steven Ruiz igoko dira ringera, 66 kiloz azpiko borrokan; bigarrenak iaz Erreaperen kontra borroka egin zuen Gernika-Lumon, Basque Warriors gerrikoaren lehian. Brazok, iragan zapatuan, Alvarezen kontra borroka egin zuen Bermeon, baina ezin izan zuen garaipena lortu.
Eskualdeko ordezkaritza zabala.
Borroka nagusiez gain, elite mailako beste hamasei boxeolari ere zein baino zein gehiago ariko dira, eta Busturialdeko ordezkaritza “oso esanguratsua” izango da horietan. Azken urteotan boxeoaren alde egindako “lan gogorraren fruitu” da eskualdeko ordezkari kopuru mardul hori. Ainhoa Zelaia errigoitiarrak Matxalen Zapirainen kontra borroka egingo du, 57 kilokoan; Alex Vasile gernika-lumotarrak Anderson Gutierrez izango du aurkari, 62koan; Mikel Moran kortezubitarra Alex Salas debutariaren kontra ariko da, 73 kiloko borrokan; Daniel El Puma Mendoza gernika-lumotarrak Angel de Backerren aurka borroka egingo du, 74 kilokoan.
Sarrerak egunean bertan lortu ahal izango diren arren, Gernika-Lumoko komertzioetan aurretiaz eskuratzeko aukera ere badago. Hain zuzen, Royal Boxing gimnasioan, Omago Txikin, Bego eta Nerea dendan, Ipar nahiz Twente tabernetan etta Umeak dendan salgai daude. Ikuskizunaz harmailan gozatu nahi dutenentzako prezioa 18 eurokoa da; aulkietako sarrerena, ostera, 23 eurokoa.