Australiara joandako 46 pertsona omenduko ditu Euskal Australiar Alkarteak
Euskal Australiar Elkarteak urtero antolatzen du komunitatea elkartzeko bazkaria, eta aurtengoa zapatu honetan [ekainak 13] egingo dute, Ereñoko Arita Berri jatetxean. Musikarekin girotutako topaketa izango da, eta 180 pertsonak izena eman dute. 14:30ak aldera hasiko dira bazkaltzen.
Gainera, aurtengo hitzordua berezia da; izan ere, senidetze bazkariaz gain, omenaldi-ekitaldia ere egingo dute bazkalostean. Eusko Australiar Alkarteak Australiara joandako euskal herritarrak omentzeko erabakia hartu du, eta aurten, 1929 eta 1945 urte bitartean jaiotako —eta bizirik dauden— Busturialdeko zein Lea-Artibaiko 46 bizilagun omenduko dituzte, aipamen bereziak egin eta oroigarriak banatuz. “Gizon eta emakume horiek egindako lan gogorrari errekonozimendua emateko momentua izango da; aintzat hartu eta balioa eman behar zaie. Eurak benetan protagonista sentitzea nahi dugu”, adierazi du Esther Korta Euskal Australiar Elkarteko presidenteak.
Gonbidatuen artean egongo dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ziortza Olano Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaria, Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko kudeatzailea, Manuel Lekuona Saria jaso berri duen Gloria Totorikaguena, Ager Lejarreta Ereñoko alkatea eta beste zenbait alkate.
Elkarteak doako autobus zerbitzua eskaini die, eta 13:30ean irtengo dira Gernika-Lumotik eta Lekeitiotik. Itzulerako ordua, berriz, 20:00etan izango da.