Astelehena, Mundaka Jolasean programara izena emateko epemuga
Mundakako Udalak aurtengo Mundaka Jolasean programara izena emateko epea zabaldu du. Udal ludotekan udan antolatu ohi duten programa berezia da Mundaka Jolasean, Haur Hezkuntzako 3. mailatik Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitartetik haurrei zuzenduta dagoena.
Egitasmoaren helburu nagusia familiei udako hilabeteetan “bestelako kontziliazio eta zaintza baliabide bat” eskaintzea da. Aldi berean, programan parte hartzen duten umeen adinera egokitutako “jolas, hezkuntza eta aisialdi jarduerak” sustatzea ere bilatzen dute, «betiere euskaraz”.
Aurtengo aldiari uztailaren 1ean ekingo diotela aditzera eman dute udal ordezkariek, eta abuztuaren 31ra bitartean garatuko dutela. Izena emateko epemuga hurrengo astelehena, hilaren 15a, izango da. Hori bai, aurreratu dutenez, ekainaren 19an argitaratuko dira aurtengo parte hartzaileek behin betiko zerrendak.
Astelehenetik barikura bitartean emango dute Mundaka Jolasean zerbitzua, 10:00etan hasita eta 14:00ak bitartean,”jaiegunetan izan ezik”. Udan zehar, programara izena emandako haurrek “ingurune hurbil eta dibertigarrian” sormena, ikaskuntza eta bizikidetza “sustatzeko” diseinatu dituzten “jolas, tailer, dinamika eta proposamenetan” parte hartzeko aukera aproposa edukiko dute.
Izena ematen duten familiek, argitu dutenaren arabera, gehienez, eskuragarri dauden lau hamabostaldien artean bi baino ezin izango dituzte eskatu: uztaileko lehen eta bigarren hamabostaldia, edota abuztuko lehendabizikoa eta bigarrena. Izen ematearen prezioari dagokionez, lehen seme-alabarena 25,05 eurokoa izango dela adierazi dute; bigarrenarena, 13,915 eurokoa; hirugarren seme-alabarena, berriz, doakoa izango da. Izena emateko, dokumentu bat bete beharko da; udalaren webean eskuragarri dago.