U-BAI Faktoriak Urdaibaira enpresa proiektuak erakartzeko apustua indartu du
Sei enpresa-proiektu aukeratu eta U-BAI Faktoriaren III. Inbertsio Foroan aurkeztu dituzte Urdaibairen garapen ekonomikoan laguntzeko duten ahalmenagatik, 50 ekimen aztertu eta gero.
50 ekimen baino gehiago aztertu eta gero, U-BAI Faktoriak lurraldearen garapen ekonomikoari laguntzeko sei enpresa-proiektu identifikatu ditu, hurrengo sektoreetakoak: eraikuntza, ekonomia zirkularra, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eremu legal-teknologikoa eta bioteknologia. Ekimen horiek “hazteko duten potentzialagatik” eta “negozio aukera berriak eta enpresa lankidetza sortzeko duten gaitasunagatik” nabarmendu dituzte, eta horien berri izateko U-BAI Faktoriaren III. Inbertsio Foroan aurkeztu zituzten.
Izan ere, hautaketak jarduera ekonomikoa sortzeko, talentua erakartzeko eta Urdaibaiko enpresa sarea indartzeko duen gaitasunari erantzuten dio. Hala, foroak proiektuak bultzatzeko interesa duten konpainiak, inbertsoreak eta erakundeak bildu zituen, horiei enpresa aukerak hurbildu nahi izan baitzieten. “Urdaibaik enpresa sendoak, ezagutza, gaitasun industriala eta talentua ditu. Eta gure helburua da potentziala duten proiektuak identifikatzea et beharrezkoak diren loturak erraztea, horiek hazi ah izateko, balioa sortzeko eta lurraldearen etorkizun ekonomikoan laguntzeko”, nabarmendu du Ibon Miranda U-BAI Faktoriako presidenteak.
Bertan izan zen Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, eta U-BAI Faktoriakoek diote bere presentzia horrek “enpresen eta erakundeen arteko apustu partekatua” islatzen duela, Busturialdea-Urdaibairen posizionamendua indartzeko, inbertsiorako, ekintzailetzarako eta enrpesa ekimen berriak garatzeko ingurune “erakargarri” modura.
Albacora, Artike Investments, Ebaki, Echebastar, Egoin eta Maier enpresek osatzen dute U-BAI Faktoria, eta Urdaibain aukera ekonomiko berriak sortzeko gaitasuna duten enpresa ekimenak identifikatzea dute helburu, “ekintzaileen, enpresen, inbertitzaileen eta lurraldeko ekosistema ekonomikoko beste eragile batzuen arteko lotura errazteko”.
U-BAIk, gainera, bazkide laguntzaileak ere baditu, hala nola AZTI, Enagas Emprende eta Mondragon Ventures, bai eta hainbat administrazio publiko eta eragile sozioekonomikoren babesa ere, Urdaibaiko inbertsioa, berrikuntza eta enpresa garapena bultzatzeko lankidetza sare bat eratuz.