Erreka inguruak garbitzeko bilduko dira herritarrak Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko Ingurumen Sailak hondakinen bilketa antolatuko du domekarako (ekainak 14), Let 's Clean Up Euskadi Europako kanpainaren barruan. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Ibai baten osasuna bere uren kalitatearen arabera neurtu ohi da, baita errekaren ertzetan agertzen denaren arabera ere. Hori jakinda, eta ingurumenaren aldeko kontzientziak pizteko asmoz, Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumen Sailak erreka garbitzeko jardunaldi bat antolatu du domekarako (ekainak 14); 10:00etan jarri dute biltzeko ordua Idigako —Aldape kalea, 1— aparkalekuan, horren ondoan eta Urbietarantz Oka ibaiaren paraleloki doan erreka txikiaren inguruak garbituko baitituzte.
Ekimena Let ‘s Clean Up Euskadi Europako kanpainaren barruan kokatzen da, programa horren helburua baita herritarrak kalean botatako hondakinek espazio naturaletan duten inpaktuari buruz sentsibilizatzea. Horrez gain, ingurunearen kontserbazioan bizilagunen zuzeneko parte-hartzea sustatzea ere bilatzen du nazioarteko egitasmoak.
Jarduera adin guztietako pertsonentzat zabalik dago, eta ingurumena babesteko konpromisoa duten hainbat erakunde eta kolektiboren laguntza ere jasoko dute. Hala, parte-hartzaileak Gernika-Lumoko ibai-inguruneko hainbat puntutan ibiliko dira, ur-ibilguetatik gertu dauden ertzetan, eremuetan pilatutako hondakinak kentzeko helburuagaz.
Udal ordezkariek nabarmendu dute horrelako ekintzek helburu bikoitza dutela: alde batetik, udalerriko naturguneen egoera hobetzea, zuzeneko esku-hartzearen bidez; eta, bestetik, bereziki sentikorrak diren ekosistemetan, hala nola ibaietan eta hezeguneetan, abandonatutako hondakinek dituzten ondorioei buruzko kontzientzia sortzea. Jon Lejarraga Ingurumen zinegotziak azpimarratu du “oso garrantzitsua” dela herritarrak udalerriko ondare naturalaren kontserbazioan inplikatzea: “Ibaiak gure nortasunaren eta paisaiaren parte dira. Garbi edukitzea erantzukizun partekatua da”.